Hezkuntza eredu propioa eraikiko dute Ibaetako campusean
Martxoaren 8, 9 eta 10ean Herri Unibertsitatea egingo dute.
Asteak daramatzate Ibaetako ikasle talde zein norbanako ezberdinak batzen aurtengo Herri Unibertsitatea eraikitzeko. Izan ere, hezkuntza eredu alternatiboak proposatzeko asmoz antolatu dute. Hala, Ibaetako campusaren ezaugarriei eta beharrei erreparatu, horiek asetuko dituen Herri Unibertsitatea eratzea da xedea, “ikasle kritiko izateko eta ikasle boterea artikulatzen hasteko balioko diguna”. Oinarri horiekin egitarau zabala sortu dute, hiru egunez luzatuko dena: martxoaren 8, 9 eta 10. Hortaz, hiru egunez herritik eta herriarentzako eraikitzen den unibertsitate eredua sortu nahi dute, azken urtetako erreformei alternatibak eskainiz eta pedagogia askatzailea oinarri duen hezkuntza eredu berria praktikara eramanez.
Ibaetako campusean dauden fakultate guztietan eragina izateko, martxoaren 8an, magisteritzako fakultatean igaroko dute eguna. Hurrengo egunetan, berriz, aularioan egingo dituzte jarduerak. “Campusa eta haren problematika begirada kritiko batekin lantzeko apustua egin dugu, ikasle boteretik egungo sistemari alternatibak eraikitzeko balioko diguten edukiak eskainiz”, azaldu dute antolatzaileek. Elikadura, burujabetza, autodefentsa feminista, maskulinitatea, etxebizitza eskubidea eta okupazioa, desobedientzia zibila, beste herrialdeetako ikasle borrokak, eta beste hainbat gai jorratuko dituzte martxoaren 8 eta 9an.
Martxoaren 10a, aldiz, ikasitako guztitik abiatu eta hausnarketa kolektibo bat egiteko baliatuko dute. Borroka molde zein aldarrikapen ezberdinak barneratuz, aurrera begirako pausuak emateko oinarriak finkatuko dituzte.
Egitaraua osatzerako orduan, ondorengo balioetan oinarritu dira: feminista, euskalduna, parte hartzailea eta ekologista. Gainera, preso dauden hamaika ikasle ere izango dituzte gogoan.
HERRI UNIBERTSITATEA IBAETAN
MARTXOAK 8, ASTEARTEA
- 9:00. Kalejira fakultateetatik Herri Unira.
- 10:00. Hasiera ekitaldia eta ezagutza jolasak (Magisteritzako fakultatean).
- 11:00. Unibertsitateko jakintzari kritika feminismotik.
- 13:00. Elkarretaratzea aulariopean FEMINISTOK IRAULTZARAKO PREST! Juntas, diversas, enredadas.
- 14:00-18:30. Emakume diagnostikatutakoentzako AUTODEFENTSA FEMINISTA tailerra. / Gizon diagnostikatutakoentzako MASKULINITATEAri buruzko tailer FEMINISTA.
- 19:00. Manifestazioa Bulebarretik.
- Ondoren, xamurtasun, zentzumen… tailerrak eta itxialdia.
- 9:00. Gosaria eta aulariora martxa.
- 10:00. Elikadura burujabetza.
- 12:00. Desobedientzia zibila Euskal Herrian.
- 14:00. Ikasle bazkaria.
- 15:30. Infernua okupa dezagun!
- 17:00. Amerikako ikasle esperientziak partekatuz.
- 19:00. Gure kabuz ala hil.
- Ondoren, ikasle afaria, sormen gaua (bertsoak, antzerkia, kantautoreak, poesia…) eta itxialdia.
- Gosaria, eta ondoren: kapitalismoaren bilakaera aztertzeko tailerra.
- Borroka moldeen, unibertsitate ereduaren… inguruko hausnarketa kolektiboa.