Hiru orduan Bruce Springsteenen kontzerturako 32.000 sarrera saldu dira
Guztira 43.000 sarrera jarri dituzte salgai gaur, 10:00etan.
Bruce Springsteen hirugarren aldiz etorriko da Donostiara, milaka zalek jada sarrerak eskuratu dituzte maiatzaren 17an Anoeta Estadioan emango duen kontzerturako. Gaur goizean hasi da sarreren salmenta, 10:00etan, eta antolatzaileen arabera, hiru orduan 32.000 sarrera saldu dira. Guztira 43.000 zaleentzako tokia dago Anoetan.
Salmenta aurrera doa, normaltasun osoz, Doctormusic.com, Ticketmaster.es, Fnac.es, Halconviajes.com eta Carrefour.es webguneetan. Zenbait saltokitan ere salgai jarri dituzte sarrerak: Fnac, Carrefour Bidaiak, Halcon Bidaiak eta Ticketmaster sareko beste gune batzuetan.