Asun Urbieta Plazandreok plataformako kideak Lilatoiaren ordutegia aldatu izana kritikatu du; familia ardurak dituzten emakumeak kaltetzen dituela uste du.
Lilatoia. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak
Lilatoiaren ohiko ordutegia aldatu du, eta ondorioz, 27. Lilatoia ordubete lehenago hasiko da, 10:00etan.
Asun Urbieta Plazandreok plataformako kideak erabaki hau kritikatu du: “Ibilgailuen zirkulazioa ez oztopatzeko, lasterketa guztiak lehenago egitea erabaki du Mugikortasun sailak. Lilatoia ez da beste lasterketak bezalakoa. Ez dago Lilatoia bezalako lasterketarik. Erabaki honek ezin du oharkabean pasa”.
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziari zuzendutako iritzi gutun bat idatzi du.
Eta horregatik, Lilatoiak salbuespena izan beharko lukeela uste du Urbietak: “Lilatoiak ezin du tratu bera izan. Ez dago 5.000 emakume biltzen dituen beste lasterketarik. Behobia-Donostian ere ez dute horrenbeste emakumek parte hartzen. Martxoaren 8an, Emakumearen Egunean egiten diren manifestazioetan ere ez dugu lortzen horrelako markarik”.
“Ematen du Mugikortasun sailarentzat eta Pilar Arana zinegotziarentzat eragozpen bat dela Lilatoia”, gaineratu du Urbietak. Lilatoiaren antolakuntzako kide izan zen hamar urtez, eta korrika ere parte hartu ohi du Asun Urbietak.
Lilatoira Euskal Herri osoko emakumeak etortzen direla azaldu du, eta askok familia ardurak dituztela: “Ordubete asko da. Jende askok Donostiatik kanpo etorri behar du, seme-alabak eta familiarekin etorri behar du… Eta lasterketa hasi aurretik beroketak egiteko denbora ere behar dute”, defendatu du Urbietak.
“Lilatoia egin den 27 urtetan 11:00etan hasi da lasterketa. Eta orain, Erdialdeko zirkulazioan eragozpenik ez sortzeko ordubete lehenago egitea erabaki dute”, kritikatu du Urbietak. “Ez dakit Pilar Aranak inoiz ikusi duen Lilatoia. Donostia eraldatu egiten da Lilatoiaren egunean. Emakumez betetzen da hiria! Kontuan hartu al du honek duen garrantzia? Eta hori ez duzu beste egun batean ikusiko. Hori bai, Inauterietako edo Errege Magoen karrozei baimena ematen diete Erdialdean zehar desfilatu eta errepidea hartzeko. Horiek ez dute zirkulazioa oztopatzen”.
Donostia Europako Kultur Hiriburu den urtean horrelako erabakia hartzea ez du begi onez ikusi: “Hiriburua zerrena? Autoarena? Ustez, herritarren partehartzea sustatzen badu hiriburutzak. Zertara dator hau? Traba egiten diegula dirudi”.