Ertzaintza, erraustegia egin nahi duten orubeen inguruan. (Argazkia: Eguzki)
Joan den igandean, erraustegiaren aurkako martxa jendetsua egin zuten Zubietara, Gipuzkoako erraustegia egin nahi duten lurretara. Eguzki taldeak jakinarazi du Ertzaintzaren zenbait furgonetek babestu zutela Foru Aldundiak erraustegia eraikitzeko erabili nahi duen orubea.
Eguzkiren arabera, martxan parte hartu zuten asko harrituta geratu ziren Ertzaintzaren presentzia dela eta, orain arte ez ingurua ez zuelako inor zaintzen: “Are gehiago, Bugatiko sarbidea irekita egon da oraintsu arte, eta hortik igo dira era guztietako autoak tronpoak egitera edo obra-hondakinak legez kanpo botatzera. Alabaina,
kasualitatez, orain dela aste pare bat, erraustegiaren kontrako martxa dagoeneko iragarrita zegoenean, Bugatiko sarbidea itxi egin zuten. Joan den astean, berriz, hau ere
kasualitatez, kuadrilla bat orubeko itxituran bertan lanean aritu zen. Oraindik bakarren batek pentsatuko du mesfidatiegiak garela eta martxaren eta hura itxi izanaren arteko lotura zuzen-zuzena dagoela esaterik ez dugula, baina,
kasualitatez, martxa egin bezperetan, Ertzaintzak antolatzaileei hauxe ohartarazi zien: protesta-eskubidea bazegoela, baina itxitako finka pribatuetan sartu gabe. Foru Aldundiak erraustegia eraikitzeko erabili nahi duen orubeaz ari zen, jakina. Izan ere, orube “pribatua” da, Hondakinen Kontsorzioaren izenean dagoelako, nahiz eta denon artean ordaindu dugun”.
Ertzaintzaren presentzia probokaziotzat jo du Eguzkik: “Baten batek amuari helduko ote zion zain zeuden, herritarron guztiz protesta zilegi bat orden publikoko arazo bihurtzeko? Izan ere, garai berriak omen dira, baina batzuek sarri, sarriegi, injustizia bera bezain jarrera eta estrategia zaharrak erabiltzen dituzte. Nolanahi ere, joko zikinegia hondakinak kudeatzeko sistemarik “txukunena” beraiena dela sinestarazi nahi digutenen aldetik”.
Eguzkiren oharra osorik hemen.