Beste etxegabe baten heriotza salatu du Irabazi Donostiak
Irabazi Donostia alderdiko ordezkariek jakinarazi dutenez, joan den ostegunean beste etxegabe bat hil zen kalean. Hiru hilabetean hildako hirugarrena litzateke.
Gizarte bazterkeria saihesteko nahikoa egiten ote duen udal gobernuak, horixe da Irabazi Donostiako kideek zalantzan jarri dutena. Zentzu horretan, Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanen agerraldia eskatuko dutela iragarri du Loïc Alejandrok: “Heriotza honen inguruko xehetasunak eman, eta kultur hiriburuko kaleak gizarte bazterkeriak eragindako heriotzen agertoki izan ez daitezen hartu beharreko neurriez galdetzeko”.
Bestalde, gizarte bazterkeriari aurre egiteko hainbat neurri aurkeztu dituztela azaldu du Amaia Martinek. Kalean bizi diren pertsonen egoera konpontzeko plana; Ate Irekien zerbitzua eskaintzea, tenperaturak zeropekoak izan beharrik gabe; Gaueko irekitzea, baita abuztuan ere; edo Abegi Etxeko araudia osatzea, haurren eskolatzea eta oinarrizko elikadura bermatzeko bertan bizi diren bitartean.
Momentuz, azken neurri hau soilik onartu duela udal gobernuak salatu du Martinek.