Delitu eta arau-hausteek behera egin dute 2015ean
Ondasunen lapurreta txikiak dira oraindik gehien egiten direnak; 5.189 izan ziren iaz.
2012tik 2013ra hazi egin zen delitu kopurua Donostian, baina ordutik hona beheranzko joerari eusten zaio. 2015eko datuak aurkeztu dituzte gaur udaletxean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak, Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta udalak egindako lehen agerraldi bateratua izan da gaurkoa. Bertan izan dira, hain zuzen ere, Martin Ibabe Herri Segurtasun eta Babeserako zinegotzia; Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea; Mikel Santamaria Donostiako Udaltzaingoaren burua; eta Patxi Ardanaz Donostiako Ertzain-etxeko burua.
Gaurko agerraldia “elkarlan eta koordinazio lan bateratuaren isla” dela nabarmendu du Ibabek. Donostiako jarduera-memoria aurkeztu dute. Txosten honen arabera, 2015ean 11.960 delitu egin ziren, 2014an, 12,624; hortaz, %5,26 egin dute behera.
Horietatik gehienak ondasunen aurkako delituak dira oraindik ere. Lapurreta txikiak, lapurretak eta iruzurrak. Azken hauei dagokionez, internet bidez egindako erosketak nabarmendu dituzte, gero eta gehiago baitira internet bidez erosi eta iristen ez diren produktuak. 2014an 369; iaz, 430.
Etxebizitzetan egindako lapurretek nabarmen egin dute behera. Bereziki, garaje, trasteleku edo biltegietan egindakoak. Izan ere, Zubiagak azaldu duenez, goranzko joerarekin kezkatuta, 2014an prebentzio lan berezi bat egiten hasi ziren eremu honetan, eta neurri horien emaitzak jasotzen ari dira orain.
Lapurreta gehienak opor garaian gertatzen dira; batez ere, udan. Aurre egitea zaila dela onartu du Zubiagak, baina “kontzientziazio” lanean ari direla esan du.
Bestalde, iaz bi hilketa izan ziren. Gertaera hauek ez direla ohikoak azaldu dute, eta ustezko bi hiltzaileak atxilotu zituztela ere azpimarratu dute.
Sexu askatasunaren aurkako erasoek, indarkeria kasuek eta tratu txar kasuek ere behera egin dute. Zentzu honetan, gizarte zerbitzuekin eta bestelako arloekin elkarlanean aritzeko beharraz mintzatu dira.
Martin Ibaberen esanetan, “Donostia gero eta hiri seguruagoa da”, baina arau-hauste guztiekin amaitu arte lanean jarraituko dutela esan du. Horretarako, poliziaren eta erakundeen arteko “prebentzio, planifikazio eta koordinazioa lana” ezinbestekotzak jo du.
Aurten gainera, kultur hiriburutza izanik, lan horretan “ahalegin berezia” egiten ari direla adierazi dute. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ekintza-plan bateratuak burutzen ari dira, “segurtasun maila handiagoa” lortzeko. Hala, lapurretak saihesteko plana, indarkeria saihesteko plana gaueko aisialdi guneetan, edo sexu erasoak saihesteko plana nabarmendu dituzte. Martxoan, etxebizitzetako eta gaueko lapurreten aurkako planak jarriko dituzte abian.
Hortaz gain, oinezko polizien presentzia ere handituko dute.