Egokitze lanak egingo dituzte Larratxo pasealekuan
Milioi bat euroko aurrekontua izango dute lanek, eta amaitzeko 10 hilabeteko epea.
Tokiko Gobernu batzordeak Larratxo pasealekuko berrurbanizazio proiektua onartuko du bihar.
235 bat metro egokituko dituzte, eta bi aldeetako atariei eragingo diete lanek. Bakoitiei, 17tik 43ra; eta bikoitiei, 14tik 22ra. Dena dela, lan guztiak ez dituzte batera egingo, aldika baizik.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, 70. hamarkadan eraikitako eremua da, eta puntukako egokitzapen batzuk salbu, ez dira azpiegiturak berritu.
Horregatik, 1.023.262,32 euro bideratuko dituzte horretara. Hala, espaloiak berritu, koskak berdindu, barandak jarri eta bestelako irisgarritasun lanak egingo dituzte. Ur-saneamentu lanak ere egingo dituzte, eta argiteria ere aldatuko dute, argiztapena handitu eta kontsumoa gutxituko duten argiak jarriz.
33 eta 35 atarien artean plaza txiki bat ere egingo dute. Bertan iturri bat, bankuak eta adineko pertsonek ariketak egiteko gailuak jarriko dituzte.
Behin lanak hasita, hamar hilabeteko epea izango dute amaitzeko.