Urte baterako baino gehiagorako laguntza deialdia egingo du Eusko Jaurlaritzak, baina hedabideen elkarteak ohartarazi du diru kopurua ez dela aldatuko eta "sektorearekin irizpideak eztabaidatu gabe" ari dela gobernua.

Hekimen Euskal Hedabideen elkarteak urteko batzar nagusia egin zuen joan den ostiralean, Martin Ugalde Kultur Parkean, eta bertan 2015eko memoria eta 2016ko ekintza plana onartu zituen. Batzar nagusiak administrazioen diru laguntzen gaia aztertu zuen, zehazki HPSk hurrengo urteetarako aurreikusi duen urte anitzeko deialdia, eta horren inguruan daukan iritzia publikoki plazaratzea adostu zuen.
Hekimen Euskal Hedabideen Elkartearen helburuetako bat izan da, sortu zenetik, administrazioarekin epe luzeko planteamendua lantzea, sektorearen egonkortasuna eta garapenari begira. Lan hori 2015ean sakon landu nahi izan zuen elkarteak eta, urtarriletik uztaila bitarte, hainbat bilera egin zituzten HPSko ordezkariekin. Bilera horietan, sektorearen diagnostikoa helburu, informazio ugari partekatu zuten hedabideen audientziaz, irismenaz, publiko potentzialaz, inbertsio publikoaz edo balio sozialaz.
Hekimenek azpimarratu du beti sinetsi duela bilera horien garrantziaz: “Ez gara bakarrik inbertsio publikoaren gorakadaz aritu. Hitz egin dugu sektorearen egoeraz, ahuleziez eta indarguneez, eta hitz egin dugu administrazioaren esku hartzeaz. Nabarmendu nahi dugu elkarlanerako jarrera eskaini duela Hekimenek, eta Euskal Hedabideen Behategiaren barruan kokatu dugula eskaintza hori: gune bat non Euskal Herriko unibertsitateek, administrazioek eta sektoreak berak euskal hedabideen zereginaz, helburuez eta garabideez hitz egingo zuten. Joan den urtarrilaren 14an EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearekin batera Bilbon sinatu genuen hitzarmenak bultzada handia eman zion proiektuari”.
Elkarlanerako jarrera horrek, era berean, lagundu die bidean topatu ditugun oztopoak gainditzen, eta planteamendu berriak egitera eraman ditu: urteroko diru laguntzen deialdian aldaketak proposatu ez ezik, publizitate instituzionalaren banaketaren inguruan hausnarketa egin dute eta, sektorea industria gisa kontuan izan dadin, lan taldeak martxan jarri ditu. Izan ere, ez da bakarrik 2010etik hona behera etorri direla aurrekontuak euskal hedabideentzat.
Igoerak, hedabide erdaldunentzako
“Jakina da publizitatea dela hedabideen diru iturri garrantzitsua. Bada, Jaurlaritzak publizitate instituzionalaren %3 baino ez du egiten herri ekimeneko hedabideetan. Elkarteak behin baino gehiagotan proposatu du hizkuntz irizpideak txertatzeko publizitate kanpaina publikoetan, baina gaur arte Jaurlaritzak ez du horretarako urratsik egin. Azken urteotan, bestalde, erdal hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntzak berreskuratu ditu HPSk (400.000 euro azken deialdian): hedabideentzako egon diren igoerak, beraz, hedabide erdaldunentzako izan dira”.
Hekimen elkarteak sustatuta, 2015ean zehar euskal kulturaren inguruko hainbat enpresa eta elkarte batu ziren sormen industrien gaineko gogoeta egiteko, Europa osoan gertatzen ari den hausnarketaren haritik. Hedabideak, argitaletxeak eta hizkuntzaren industriako, musika sektoreko eta ikus-entzunezko elkarteen ordezkarien artean dokumentu bat osatu zuten, eta ahalegindu dira Kultura eta Industria sailen artean solaskidetza lotzen.
Beste administrazioei dagokienez, Nafarroako Gobernu berriak UPNko gobernuak bideratzen zuen antzeko kopurua esleitu dio euskal hedabideentzako diru laguntza deialdiari, eta “ezin dugu nahikotzat jo. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena jaitsi egin da azken urteotan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdia atzeratu egingo da Europako diru laguntzekin sortu daitezkeen arazoak direla, baina igoerak izan dira tokiko telebistetarako deialdian (%38) eta IKTkoetan (%31). Arabako Foru Aldundiak, berriz, bere ekarpena nabarmen igo du aurten: 10.000tik 50.000 eurora”.
Gogoeta horien ondorioz, planteamendu ekonomiko zehatza egin zion elkarteak HPSri iazko uztailean. Bertan, 2008-2010 urte bitarteko ahalegin publikoa berreskuratzeko planteamendua landu zuten, alegia, aurrekontu orokorraren %0,06 inguru. Horrek ia 1,5 milioi euroko ekarpena egingo zion sektoreari. Horrez gain, irismena, kalitatea, berrikuntza edo estrategikotasuna irizpideekin lotutako poltsa aldagarri eta neurgarri bat ere aurreikusi zuten, milioi bat urtekoa. Dena, hainbat urterako proposamenarekin lotuta.
Eusko Jaurlaritzak 2016rako onartutako aurrekontuek, aurreneko aldiz, hainbat urterako ahalegin publikoa zehaztu dute, konpromiso kredituen bidez: 11,46 milioi euro 2019. urtera arte. “Hau da, aurtengo udazkenean egitekoak diren hauteskundeetatik aterako den gobernuak azken bost urteotako aurrekontu ia bera izango du hurrengo hiru urteetarako euskal hedabideentzat. Diru bera zortzi urtez jarraian, eta irizpideen inguruan eztabaidatzeko aukerarik gabe”.
Hekimenek adierazi du urte anitzeko planteamendua ona dela sektorarentzat, “baina diru berdina egotea eta deialdia sektorearekin irizpideak eztabaidatu gabe egitea ezin dugu nahikotzat jo, ez delako Hekimenek eskatzen duena eta ez duelako bermatzen sektore osoaren egonkortasuna eta garapena”. Hekimenek, beraz, bere konpromisoa berretsi nahi du datorren gobernuarekin epe luzera begirako planteamendu egonkor eta eraginkorra lantzen jarraitzeko.