Ia paperontzi guztiak ordezkatuko dituzte
4.035 paperontzi daude hirian, eta horietatik 3.183 ordezkatuko dituzte datozen hilabeteetan. Bide batez, berdindu egingo dituzte, gaur egun, 15 eredutakoak baitaude.
Paperontzi berriak handiagoak, sendoagoak eta erraz hondatzen ez direnak izango dira.
Saski itxurako metalezko paperontzi guztiak kenduko dituzte, hondakin txikiak zuloetatik erortzen direlako. Dagoeneko Altzan ordezkatu dituzte, eta pixkanaka-pixkanaka gainontzeko auzoetatik ere kenduko dituzte. Mota honetako 1.125 paperontzi daude.
Tecam eredukoak ere ordezkatuko dituzte, baina ez guztiak batera. Hondatuen daudenak ordazkatuko dituzte lehenik. Triangelu itxurako edukiontzi urdinak dira hauek, eta herdoila omen da euren arazo nagusia. Erdialdean dagoeneko ordezkatu dituzte, eta gainerako guneetan beharraren arabera aldatuko dituzte.
Parte Zaharrean eta Bulebarrean 63 paperontzi daude egun, eta kopuru hori handituko dutela jakinarazi du Hiri Mantentze eta Zerbitzuen zuzendaritzak.