Adineko bi emakume, Parte Zaharrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostiako
Gizarte Kontseiluak hiriko pobrezia eta gizarte bazterketa aztertu ditu eta txosten bat osatu du. Donostia Guztiontzako Hiri bilakatzea da helburua, eta horretarako hiriaren “argazki bat” egiten saiatu dira. Bazterketa egoerak hauteman, haien jarraipena egin eta adierazle sorta bat bildu dituzte.
Bigarren fase batean, diagnosi horretan oinarritutako
lan ildoak zehaztuko dituzte. Kepa Korta, Donostiako Estrategia bulegoko zuzendari eta koordinatzaileak azaldu duenez, “arazoaren muinera” heldu nahi dute ikerketa lan honekin: “Barterkeria kasuak atzeman eta laguntza neurriak har daitezke, baina arazoaren arrazoia, erroa, ez badugu lantzen, ez dugu aldaketarik lortuko”.
Eguia Careaga Fundazioaren SIIS – Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak egin du azterketa. Jasotako lehen adierazle nagusia
biztanleriaren zahartzea da. 65 urtetik gorako 42.018 pertsona bizi dira Donostian (populazioaren %23a). Talde hau gero eta biziagoa da, duen maila intelektual eta kulturalaren ondorioz. 85 urtetik gora du biztanleriaren %4k; 7.219 guztira. 100 urtetik gorako 80 donostiar daude. Gainera, emakumeak dira pertsona oso zaharren arteko gehienak (85 urtetik gorako 4tik 3). Erdialdean bizi da adineko biztanle gehien.
Kortak azaldu duenez, adineko emakumeen egoera larria da Donostian. Gehienek alargun pentsioa jasotzen dute, baina euren senarrek jasoko luketenaren erdia: “Bizitza osoan etxean lanean jardun arren, ez dute kotizatu, eta bizitzako azken urteak oso diru gutxirekin pasa behar dituzte”.
Demografia datuek ez dute gora-behera handirik.
Jaiotze tasa txikia da, biztanleria gero eta zaharragoa da, eta immigrazio tasak ere oso murritzak dira. Biztanleriaren %7 bakarrik da atzerritarra.
Gazteak, berriz,
ikasketa maila altukoak dira, oso prestaketa ona daukate. “Gazte prestatuak ditugu, baina gutxi”, esan du Kortak. Lan beharrek atzerrira joateko bidea zabaltzen dietela gaineratu du. Txanponaren beste aldean,
eskola uzte goiztiarraren datuak jarri dituzte. Portzentaia baxua bada ere, azken datuen arabera, 18-24 urte bitarteko gazteen %6,3k utzi zituzten ikasketak behar baino lehenago. Horietako gehienak Loiola, Intxaurrondo eta Martutenen.
Egoera ekonomikoari dagokionez,
familia errenta altuko hiria da Donostia, baina aldeak nabarmenak dira. Generoen artean, errenta estratuen artean, eta auzoen artean ageri dira aldeak.
Altza da auzorik pobreena, eta
Miramon-Zorroaga, Aiete, Antigua eta Ibaeta, aberatsenak.
Pobrezia oso larrian bizia dira 8.400 donostiar (herritarren %4,5): hileko diru-sarrera garbiak 568 eurotik beherakoak dira. Pobrezia arrisku erlatiboan daude 19.900 herritar (%10,7), hau da, ez dira 852 eurora heltzen.
Eneko Goia alkatea eta Kepa Korta Gizarte Kontseiluko zuzendaria. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako hiriekin alderatuz gero, Donostiako
langabezia datuak onak dira. Baina Kortak azaldu duenez, 2006-2007ko datuekin alderatuta, %70-80 handiagoa da langabezia orain. Auzoen arteko aldea nabarmena da arlo honetan ere:
Altza, Intxaurrondo eta Bidebietan bizi da langabe gehien; Antigua, Ibaeta eta Añorgan, gutxien.
Egoera honi aurre egiteko diru sarrerak bermatzeko sistema eraginkorra du hiriak.
6.361 pertsona bizi dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren menpe. Horietatik gehienak, Amara Berrin, Intxaurrondon, Altzan eta Erdialdean.