Auzoko talde feministak argazki erakusketa bat osatu du, añorgatar ezagunekin.
Hezkuntza atalean, lehen eskoletako irudi bereziak topa daitezke. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Joan den asteburuan egitarau zabala antolatu zuen Añorgako talde feministak, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira.
Añorgako emakumeon aztarna izeneko argazki erakusketa zabaldu zuten Jolas Etxean, larunbat eguerdian, eta, ondoren, elkarrekin bazkaldu zuten. Gainera, Miren Amuriza bertsolariaren eskutik,
Kapulana bat zintzilik ikuskizunaz gozatu zuten, Museum Cemento Rezolan.
Asteburua igarota ere, erakusketak bere horretan jarraituko du aste guztian zehar. Ondoren, auzoko jaiak iritsi arte, Jolas Etxearen jantokira igaroko dute erakusketa guztia.
Guztira, Gorga elkarteari esker, garai desberdinetako 30 argazki inguru bildu dituzte erakusketa osatzeko. Hala, hainbat atal banatu dituzte: kirola, kultura, aisia, lana eta hezkuntza. Amaia Sarasua, 80. hamarkadako hesi-lasterkaria; auzoko emakume “ederrenak”; eta Etxe Haundiko langileak topa daitezke irudien artean, besteak beste.
Iaz sortu zuten talde feminista Añorgan, eta hamabi lagun inguruk osatzen dute. “Oso talde anitza gara. Hogei eta berrogeita hamar urte arteko emakumeak gaude”, azaldu dio Maialen Gartzia taldekideak IRUTXULOKO HITZAri.