Emakumeen Eguneko erakunde adierazpena irakurri dute udal ordezkariek. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Martxoak 8. Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta nazioarteko egunak “aldarrikatzeko eta borrokatzeko” direla argudiatuz, udal ordezkari guztiek bat egin dute, eta
15 puntuko erakunde adierazpen bateratu bat irakurri dute udaletxean.
Eneko Goia alkatea, Ernesto Gasco, Miren Azkarate eta Duñike Agirrezabalaga alkateordeak, eta Amaia Almirall, Miren Albistur eta Amaia Martin oposizioko zinegotziek hartu dute parte irakurketan, gainerako ordezkari guztiak ere bertan zirelarik.
Talde feministen eta orokorrean jendartearen borrokari esker pauso asko eman direla aurreratu dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean. Baina, oraindik ere
emakumeen oinarrizko eskubideak bermatzeko lanean jarraitu beharra dagoela nabarmendu dute.
Berdintasuna lortzeko bidean
erakundeen erantzukizuna onartuz, ildo horretan jarduteko konpromisoa hartu du Donostiako udalak. Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa indartu; berdintasun politika aktibo, integral eta parte hartzaileak garatu; edo emakumeen autonomia pertsonal eta ekonomikoa bermatzen laguntzeko kalitatezko enplegua sortzeko baliabideak eskaintzeko konpromisoa erakutsi dute, esaterako.
Emakume donostiarren errealitatea ezagutzeko Berdintasun Bulegoaren programak ere indartuko dituztela iragarri dute; eta hiriko puntu beltzen mapa lantzen ere segiko dute.
Eguneroko jardunean, berriz, hizkera ez-sexista eta inklusiboa erabiliko du Donostiako udalak bere idazki guztietan. Kale izendegia aztertu eta emakume izen gehiago jarriko dituzte; eta jai edo ospakizunetan parte hartze parekidea bermatuko dute.
Txalo zaparrada batekin amaitu dute agerraldia udal ordezkariek, eta emakumeek nahiz talde feministek antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.
Manifestazio nagusia, 19:00etan aterako da Bulebarretik.