Xabier Saldias omendu dute Ibaetako jaietan
Musika, pala eta argazkiak izan ziren nagusi prestatu zuten ospakizunean.
IRUTXULOKO HITZAk elkarrizketatu zuen Ibaetako jaien harira, eta auzoan bertan omendu nahi izan dute. Hain justu, urtero-urtero jotzeaz gain, Ibaetako Jai Batzordeko kide ere bada Saldias.
Martxoaren 1ean, Aingeru Zaindariaren egunarekin batera, bazkaria egiten dute auzoan. “Bere erretiroari buruz hitz egiten hasi ginen, disimuloarekin. Eganen abestiren bat aukeratzekotan zein izango zen galdetu genion, eta berak esan zuen taldea gehien identifikatzen zuen abestia Behin batean Loiolan zela”, azaldu dute jai batzordetik. Informazio horrekin Sebastian Lizaso bertsolariari deitu eta eskatu zioten doinu horrekin hitzak egitea.
Abestia jaso, eta igandean bertan entseatzen ibili ziren: “Xabier Saldiasek kontzertua zuen arratsaldean, eta deskantsatu zezan esan genion. Hala, bazkalordua entseatzeko aprobetxatu genuen”. Halaber, Mexiko abestia ere kantatzea erabaki zuten, baina hori berarekin batera egingo zuten.
Hala, 19:30ak aldera, Ibaetako festetako kamisetarekin agertu ziren guztiak, kontzertua eten, eta igo ziren oholtzara. Bi abestiak kantatu ondoren, oroigarriak eman zizkioten: “Bere bizitzan gehien gustatzen zaiona musika eta pala da; horregatik, auzoko mutil batek pala bat hartu eta gitarra baten antza eman zion, benetazko hiru soka, zulo eta ezaugarri guztiekin. Horrela bildu genituen bere bizitza desio handienak”.
Horretaz gain, pala txapelketetan ematen diren txapela jarri zioten, eta argazkiekin osatutako collage bat. “Ez zuen hainbeste espero, eta ez zuela negar egingo esaten zigun. Baina bai, hunkitu zen izugarri”, aitortu dute Ibaetako Jai Batzordeko kideek.
Erretiroa hartuko du aurten Eganeko abeslari Xabier Saldiasek, 46 urte herriz herri ibili ostean.