"Donostia erreferente da emakumeen kirolean"
Gaur egun bederatzi dira goi-mailan dauden emakumezkoen talde donostiarrak.
Donostia Kirolak emakumeek goi-mailan duten lekua aztertu du. Hirugarren aldia da halako ikerketa lan bat egiten duena. Taldekako kirol jardueretan parte hartzen duten taldeak aztertu dituzte: futbola, saskibaloia, eskubaloia, hockeya, boleibola, waterpoloa, errugbya, izotz hockeya, softbola, curling-a eta areto futbola. Eta baita atletismoa eta igeriketa ere, kluben arteko maila ezberdinetako lehiaketak egiten baitira hauetan.
Ikerketako datuen arabera, gaur egun bederatzi dira goi-mailan dauden emakumezkoen taldeak Donostian: BeraBera (eskubaloia), Reala (belar hockeya eta futbola), IDK-Gipuzkoa (saskibaloia), Atletico (atletismo eta softbola), Kazkabarra eta Txuri Urdin (izotz hockeya) eta Txuri Berri Curling (Curling).
Hala, Espainiako Estatuan kirol bakoitzeko maila gorenean emakumeen talderen bat duten 76 herrien artean, hirugarren postuan legoke Donostia, bederatzi talderekin. Aurretik ditu, Bartzelona 13 talderekin, eta Madril 10 talderekin.
Martin Ibabe Kirol zinegotziarentzat “ohorea” da halako emaitzen berri ematea, baina emaitza horietara heldu arteko lana azpimarratu du: “Donostia erreferente da emakumeen kirolean. Baina helmuga horretara heltzeko, goi-mailara heltzeko, oinarri sendo bat edukitzea ezinbestekoa da; harrobia ondo zaintzea”.
Taldeez gain, 2015ean emaitza onak lortu dituzten banakako kirolariak ere aipatu dituzte Ibabek, eta Leire Landa, Donostia Kirolako arduradunak: Naroa Agirre, Nora Orduña, Trihas Gebre eta Uxue Fraile (atletismoa), Clara Azurmendi eta Miren Azkue (badmintona), Naroa Perez eta Saioa Garcia (gimnasia erritmikoa), Aiora Arrillaga (judoa), Sandra Enjunto eta Irene Arzamendi (padela), Irati Goikoetxea, Miren Lazkano eta Irene Egües (piraguismoa), Teresa Carranza (Kayak-Surf) eta Ane Zulaika (SUP)
Kirolak, modalitatea edozein izanda ere, duen balio erantsia nabarmendu du Ibabek. Eta horregatik, emakumeen kirola ikusarazteko ahalegina eskatu die enpresa babesleei, komunikabideei eta baita erakundeei ere. “Emaitza onak lortzen dituzte gure emakumeek, eta gure erantzuna maila berekoa izan behar du”, esan du Ibabek.
Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan aurkeztu dituzte emakume kirolarien datuak, eta euren lana bistaratzeko kanpaina bat ere jarri dute abian sare sozialetan, eta baita Donostia Kirolaren webgunean ere, GoazenNeskak leloarekin.
Denboraldi bukaeran goi-mailan dabiltzan emakume kirolari guztiei omenaldi bat egingo dietela iragarri du Landak.