Euria eta olatu handiak direla eta, alerta laranja ezarri dute
Marea biziak egongo dira, eta haizeak gogor joko du.
Eguraldia eta itsasoaren egoera dela eta, kostaldean adi egoteko eskatu du Donostiako Segurtasun Zibilak. Olatu handiak espero dituzte (4 eta 5 metro artekoak) eta marea biziak egongo dira. Hori dela eta alerta laranja ezarri dute. Gainera, haizeak gogor joko du, eta abisu horia eman dute.
Gaur hodeiek zerua estaliko dute eta euria sarri eta ugari egingo du. Arratsaldetik aurrera ekaitzak joko du eta txingorra botako du noizbehinka. Haizea eguerdian ipar-mendebaldera aldatu eta indartu egingo da.
Bihar ostegunerako ere eguraldi petrala iragarri dute. Egunaren hasieran giroa goibela izango da eta euria barra-barra egingo du; litekeena da ekaitzaren bat lehertzea. Arratsaldetik aurrera euri txikia egingo du noizbehinka. Goizaldean ipar-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, goizetik aurrera ahultzera egingo du apur bat. Tenperatura jaitsiko da.
Donostiako Udalak jarraipen mahaia aktibatu du
Babes zibilak eraginak izaten dizuten ohiko tokietako biztanleei abisua eman die (Martutene, Txominenea, kostako lehen lerroa). Hala ere, hasierako datuen arabera, olatuek ez dute indar handirik (4 eta 5 metro arteko 12 segunduko olatuak), baina aitzitik, marea biziak (5 metro) itsasgora altua eragingo du – Itsasgora goizaldeko 5etan da – eta ibaia gainezka egin dezake ohiko lekuren batean.
Añarbek prebentzio-neurriak hartu ditu urtegia hustutzen aritu da azken egunotan. Arratsaldeko hiruretan utziko dio ura botatzeari. Une honetan Urumeako mailak normalak dira.
Udaleko jarraipen mahaiak honakoa erabaki du: eguerditik aurrera Paseo Berria Argazkilaritza Elkartetik aurrera itxi ibilgailuentzat eta gauerditik aurrera (0:00 orduak) ibilgailuentzat zein oinezkoentzat. Leizaola pasealekua oinezkoentzat itxita egongo da gauerditik aurrera.
Jarraipen mahaia egoera aztertzen jarraituko du eta hiritarrei segidakoa eskatzen die: segurtasun neurriak zein mozketak errespetatzeko eta kostara zein Urumea ibaiaren ertzara ez gerturatzeko.