Metroari buruzko beste mahai inguru bat antolatu du Satorralaia mugimenduak; Koldo Mitxelena Kulturunea lepo bete dute berriro
Hizlariak, Koldo Mitxelena Kulturunean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostialdeko Metroaren proiektuari buruzko
beste mahai inguru bat antolatu du
Satorralaia mugimenduak; garraio publikoaren ikuspuntutik, egitasmoak onurak ekarriko dituen edo ez azaltzeko. Koldo Mitxelena Kulturunea lepo bete dute berriro, eta oraingoan garraioarekin lotura zuzena duten hizlariak ekarri dituzte: Mugikortasun eta ingurumen aholkulari Jose Fran Cid, Metro Bilbaoko langile eta Bilboko Garraioen Liburu Zuriaren egile Raul Mendez, Eusko Treneko langile eta LABeko ordezkari Oskar Bordes eta Dbus-eko langile eta Kurpil sindikatuko lehendakari Iosu Iribar.
Lau hizlariek ondorio bera atera dute: garraio publikoen arteko lehia sortuko litzateke, Metroa eraikiz gero. Baieztapen hori berretsi du hastapenetik Donostialdeko Metroaren aurkako mugimenduak. Bada, aurrerantzean, ideia hori defendatzeko beste argudio bat dute: Bilboko Metroaren esperientzia, hain zuzen ere. Raul Mendezek jakinarazitako datuek ez dute zalantzarik utzi: Bilboko Metroak erabiltzaileak batu ditu 2003 eta 2012 urte bitartean, baina Renfe eta Bizkaibusen kalterako. “Azken hamar urteetan Bilbon izan dugun esperientzia azaltzeko etorri naiz honera, baina helburu konkretu batekin: mesedez, ez ezazue Bilboko esperientzia kopiatu”, esan du, eta Bizkaiko erakundeek Donostian erabilitako argudio berdinekin defendatu zutela egitasmoa ekarri du gogora.
Mahai inguruak emandakoaren berri ostiralean argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk, papereko edizioan.