Mugikortasunaren ingurukoak dira Irabazi Donostiak Martutenen jasotako kexa gehienak
Parte hartzea sustatzeko eskatu dio Irabazi Donostiak udalari.
Irabazi Donostiak. Altza, Intxaurrondo eta Egiaren ondoren, Martutenen izan ziren pasa den larunbatean, martxoaren 5ean.
Loïc Alejandro Irabazi Donostiako zinegotziak azaldu ditu prentsaurrean Martutenen jasotazko kexa eta ekarpen nagusiak. Mugikortasun gaien ingurukoak dira gehienak. Dbuseko 41 linean, esaterako, abiatze ordua 4 minutuan aurreratzea nahi dute, goizeko lehen orduan beste linea batzuekin lotura bermatzeko. Edo 31 linea auzoan sartzeko ere eskatu dute bizilagunek, ospitaleetara lotura izateko.
Bestetik, bidegorria 27 industriaguneraino heltzea ere gustatuko litzaieke. Eta, Karlos I.aren etorbideko sarrera ixteak eta Martuteneko biribilgunea handitzeak auzoan sortuko lituzkeen ondorioak aztertzeko eskatu dute.
Haur txokoak eta Gaztelekuak ere sortzen dute kezkarik. Alejandrok azaldu duenez, Martuteneko bizilagunentzako bi gune hauek dira haur eta gazteekin jarduerak egiteko leku bakarrak, eta udan ere irekita mantentzea nahi dute. Gainontzean, beste lokal bat eskaintzeko eskatu diote Donostiako Udalari.
Irabazi Donostiaren esanetan, kirol instalazioen falta ere nabarmendu dute bizilagunek. Horregatik, frontoi baten beharra nabarmendu dute, eta futbol zelaia udan behintzat erabiltzeko aukera izateko eskatu dute.
Txakurren kakek ezinegona sortzen dute Martutenen. Zentzu horretan, “kontzientziazio falta” nabarmendu du Alejandrok.
Ekarpen hauek guztiak Donostiako Udalari helaraziko dizkio Irabazi Donostiak, eta ahal duten neurrian, “irtenbideak bilatzen” saiatuko direla adierazi dute bi zinegotziek.
Izan ere, Amaia Martin zinegotziak azaldu duenez, “jasotako salaketa eta kexa gehienak ez dira berriak, baina ez dute udalaren erantzunik izaten”. Horregatik, herritarrak haserre agertu ohi direla jakinarazi du Martinek: “Auzoetara egiten ditugun bisitetan argi geratzen da herritarrak ez daudela gustura udalaren erantzunekin, eta agerian geratzen da egungo parte hartze dinamikak ez direla nahikoak”.
Hurrengo hitzordua apirilaren 2rako jarri du Irabazi Donostiak, Loiolan.
Herritarren ekarpenak jasotzeko auzoz-auzo egiten ari den errondarekin jarraitzen du