Egonkor dago atzo Zurriola pasealekuan zauritutako emakumea
Atzo arratsaldeko 16:30ean inguruan gertatu zen ezbeharra. Zurriola pasealekuko estoldak garbitzen ari zen kamioi bat. Ohikoa den moduan, tutua espaloiaren eta errepidearen artean zegoen, baina autobus bat pasatzean, tutua askatu eta oinezko emakume bat bota zuen lurrera. Buruan hartu zuen kolpea eta odolbildu bat eragin zion.
Alfonso Gurpegi, Gune Publikoetako zinegotziak argitu duenez, Kursaalen egiten ari ziren medikuntza kongresuko zirujau batek artatu zuen berehala. Donostiako Ospitalean ebakuntza egin zioten arratsean emakumeari, eta Gurpegik jakinarazi duenez egonkor dago: “Ebakuntza ondo atera dela esan digute senitartekoek, baina itxaron beharra dago”, esan du zinegotziak.
46 urteko Orioko emakume bat da zauritutakoa.
Ertzaintza istripuaren arrazoiak ikertzen ari da. Izan ere, ez dago argi autobusa pasatzean askatu zen tutua, edo uraren presioak berak eragindakoa izan zen ezbeharra.