Artikutzan legez kanpoko ehizaren aurkako neurriak hartzeko eskatu du Eguzkik
Nafarroako Foru Poliziak hiru ehiztari salatu ditu, Artikutzan ehizan ibiltzeagatik. Elurretan, gauez, leku babestu batean, motordun ibilgailu batekin eta animaliak argiekin itsutuz ari ziren isileko ehizean.
Eguzki taldeak legez kanpoko ehizaren aurkako neurriak hartzeko eskatu dio Donostiako Udalari: “Artikutza Goizueta bada ere, Donostiako Udala da finkaren jabea, eta jabea den neurrian, Eguzkik eskatzen dio Foru Poliziaren salaketaren ondoriozko diligentzietan pertsonatzeko”.
Elurra dagoenean ehiza debekatuta dago, animaliek babesteko aukerarik ez dutelako. Gauez ere ezin da aritu, ezta motordun ibilgailu batekin ere; are gutxiago argiekin animaliak itsutuz. Gobernuaren arabera, gainera, erriflean bost bala zituzten, baimenduta dagoen kopurua baino gehiago. Foruzaingoak jakinarazi duenez, otsailaren 26an atxilotu zituzten, Artikutzan.