Lorea Agirre: "Plazaren erdigunean jarri dute hizkuntzaren eskubidea"
Euskaldunen aktibismoaren inguruko hitzaldia eman du Lorea Agirrek San Telmo Museoan; IRUTXULOKO HITZAk, Bagera Elkarteak eta Piztuk elkarlanean antolatu dute ekitaldia.
Lide Ferreira
Lorea Agirre eta Irutxuloko Hitzako Nerea Lizarralde, hitzaldiaren ondorengo solasaldian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskaltzale eta euskaldun askoren ahotan dabil ahalduntzea eta aktibazioaren erronka. Euskarari buruzko diskurtsoa aldatzearen beharra, euskara sustatzeko kanpainak, erabilera, euskara elkarteen lana… Donostian, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako kanpainarekin berriz ere indarra hartu du boteretzearen ideiak. Gai horren inguruan piztutako jakinmina asetzeko Lorea Agirre kazetaria eta Jakin-eko zuzendariak hitzaldia eskaini du gaur San Telmo Museoan. IRUTXULOKO HITZAk, Bagera Elkarteak eta Piztuk elkarlanean antolatu dute ekitaldia. Ekitaldi osoa irrati bidez ere jarraitzeko aukera egon da, Ttan Ttakun irratiak zuzenean eman baitu.
Agirrek feminismoaz, euskalgintzaz eta aktibismoaz hitz egin du, eta zenbait galdera erantzuten saiatu da: Zer da feminismoa edo feminista izatea? Zergatik egingo dute euskaraz gure seme-alabek? Euskararekin batera zer gehiago lortu dezakegu? Horrekin lotuta, boterea, boteretzea, naturalizazioa eta justizia soziala izan ditu hizpide, besteak beste. Era berean, Mari Luz Estebanen teoria ekarri du gogora, eta feminismoak lau urrats dituela azaldu du: jakitea, jabetzea, ahalduntzea eta boteretzea.
Formula eraldatzaile bat
Ondoren, Irutxuloko Hitzako Nerea Lizarralde kazetariaren galderei erantzun die. Egiako esperientzia formula eraldatzaile bat dela esan du: “Plazaren erdigunean jarri dute hizkuntzaren eskubidea, eta seguru nago Egia bera eraldatu dela, posible delako aldatzea. Badirudi esperientzia oso positiboa izan dela”. Auzoan ilusioa mantentzeko, “aldiro-aldiro ekimen berri bat egingo nuke, kolektiboa, parte hartzailea eta ondo pasatzeko modukoa”, nabarmendu du.
Publikoak ere parte hartzeko aukera izan du, elkarrizketaren ondoren galderak egiteko para izan baitute. Egiako esperientzia bizi izan duen auzotar batek Agirrek azaldutako lau urratsetan (jakin, jabetu, ahaldundu eta boteretu) azkena nola lortu galdetu dio. “Ideia kolektiboa bada euskaraz egitea onuragarria dela, ondo goaz. Orduan, ahalik eta eragile gehien bilduko dituen foro bat sortu daiteke”, azpimarratu du Agirrek. Bertaratu den beste entzule batek zein hizkuntza politika ezarriko lituzkeen galdetu dio: “Urgente eta erangikorra izango litzatekeena da hezkuntzan D eredua bakarrik jartzea zentro guztietan. Horrek panorama aldatuko luke, eta urrats sendo bat izango litzateke. Gainera, euskarazko hedabideentzako plangintza bat osatuko nuke, eta kultur politika berriak ere bai”, erantzun du hizlariak.
Azken bideoak
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea