Ikusmina sortu dute Uliako ur-biltegiek
Igande goizean hiru bisita gidatu egingo dituzte: 9:30ean, 11:00etan, eta 12:30ean.
Uliako mintegiak eta bertako ur-biltegiak ezagutzeko urteko lehen bisita gidatuak egiten hasiko dira igandean, martxoak 20. Hiru talde antolatu dituzte: 9:30ean lehena, 11:00etan bigarrena; eta 12:30ean azkenekoa.
Uliako Lore Baratzak proiektuko kideek egingo dituzte gidari lanak, eta ia ordu eta erdiz parkea eta bertako jardueraren berri ematen saituko dira. Garai batean hiriko ur-hornitzaile nagusiak izan ziren bi ur-biltegiak ezagutzeko aukera ere izango dute bisitariek, Soroborda ur-biltegitik igaro, eta Buskando ur-biltegi barruan sartzeko aukera izango baitute.
Uliako mintegietako jarduerak eta hirigintza proiektuaren aurrean parkea babesteko ahaleginak interesa piztu du herritarrengan. Igandeko bisita gidatuek, esaterako, arrakasta handia izan dute, eta dagoeneko ia bete dira taldeak; 90 pertsonak eman dute izena. Hori dela eta, apirilean beste bisita gidatu batzuk egingo dituztela aurreratu dute parkeko kideek.
Hortaz gain, igandekoa lanerako eguna ere izango dute Uliako mintegietan. 8:30etatik aurrera, hegaztien behaketa saioa egingo dute SEO-Donostiako kideek. 10:30ean, berriz, hileko auzolanari ekingo diote; eta 12:30ean, auzo baratzea nola antolatu erabakitzeko ideia trukaketa bat egingo dute, parkean dabiltzan herritarren artean.