Legebiltzarrera eramango dute Garbera zabaltzearen auzia
Merkatal guneak zabaltzeaz arituko dira bihar Gasteizko legebiltzarrean.
Espainiako Auzitegi Gorenak irailean emandako epai batek jarri zuen abiapuntua gai honetan. Auzitegiak bertan behera utzi zuen Lurralde Arloko Plana, merkataritza jarduera arautzen duena. Hala, azalera handiko merkataritza guneak ireki, edo daudenak zabaltzeko bidea ireki zuen, inolako muga juridikorik gabe; Garbera, kasu.
EH Bilduko kideen ustez aurreko legedia, hau da, azalera mugatzen zuena, zen egokiena eta lehengora bueltatzeko ahalegina egingo dute. Halaber, gorenaren epaia jakin zenetik Eusko Jaurlaritzak ez duela pausorik eman salatu du Casanovak, “lehengo egoerara itzultzeko borondatea izan arren”.
Horregatik aurkeztu dute legezbesteko proposamena, eta Jaurlaritzaren babesa lortu nahi dute. “Ingurumen batzordeetan erakutsi duten nahia beteko duten bermea nahi dugu”, esan du Casanovak. Era berean, Jaurlaritzak udalei inolako neurririk ez hartzeko agindua ematea ere nahi du EH Bilduk.
Hori litzateke, Donostiaren kasua. Udalak eta Garberak adostu duten akordioa bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduk, “Gasteizko erabakiek ondorio zuzenak izan ditzaketelako”. Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziaren ustez, “Garbera zabaltzea mehatxu bat da merkataritza txikiarentzako”.
Udal gobernua “eredu kezkagarri bat” bultzatzen ari dela uste du EH Bilduk, eta “Garberako proiektua gelditzeko ahalegin guztiak” egingo dituztela iragarri du.
EH Bilduk legezbesteko proposamen bat aurkeztuko du Legebiltzarrean, Garbera merkatal zentroa zabaltzea ahalbidetzen duten irizpideak aldatzeko. Biharko saioan eztabaidatuko dute gaia Gasteizen, eta Iker Casanova legebiltzarkideak azaldu duenez, euren proposamenak onarpen nahikoa lortzen badu Garbera zabaltzearen proiektua bertan behera gera daiteke.