Metroaren lanak gelditzeko eskatuko dute ostiralean, Hiri Handien Nazioarteko Kongresuaren harira
Kursaalaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, 12:30ean.
Erabaki prozesu parte hartzaile bat eskatu zion Satorralaiak alkateari, baina azken horrek “udal eskumenen gabezia” erabili zuela erantzuteko salatu dute.
Bestalde, azpiegituraren eraikuntzak ekarriko lituzkeen ondorioak ere gogoratu dituzte: hirigintza alorrean, Dbus-eko zerbitzuetan, gastu sozialean, eta abar.
Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, elkarretaratzea egingo dute ostiralean, martxoak 18, 12:30ean, Kursaalen egiten ari diren Hiri Handien Sare Latin-Amerikarraren Kongresuaren harira. Bertan, Eneko Goia alkateak erakunde horren txandakako presidentzia hartuko du. Horregatik, mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute, “Metroa eraikitzeko egitasmoarekin gure hirian egin nahi den astakeria eta zentzugabekeria bilkura horretan salatzeko“.
Mugimenduak azaldu duenez, Metroaren lanek bizilagunen “egonezina” eta hiriko “jende askoren desadostasuna” piztu du. Horrekin lotuta, adierazi dute “lotsagarria” iruditzen zaiela hiritarren parte hartzeari buruz hitz egitea, “Donostian desadostasun sozialik gabeko egoeran jartzen gaituen proiektu horren gainean erakundeek ez dutenean informaziorik eman, ezta eztabaidarik sustatu ere”.