Errefuxiatuen harira Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa gaitzetsi du udalak
Hainbat elkartek deituta, kontzentrazioa egingo dute Bulebarrean, 19:00etan.
Irabazi Donostiak, bere aldetik, Europako Batasuneko bandera kentzea proposatu du udaletxetik, akordioaren gaitzespen keinu gisa.
Siriatik Europar Batasunera heltzen diren errefuxiatuak Turkiara eramatea adostuko dute Europako Batasunak eta Turkiak berak. Erabaki horrek desadostasuna sortu du herritarren artean; baita Donostian ere.
Horregatik, hainbat gizarte elkartek deituta, kontzentrazio bat egingo dute Bulebarrean, 19:00etan.
Udal ordezkariek ere bat egin dute bilkura horrekin. Udal gobernuak, gainera, erakunde adierazpen bat aurkeztu du Europako Batasuna eta Turkiaren arteko akordioa gaitzesteko. EAJ eta PSE-EEren ustez, akordioa “ezmorala” da, eta bere legezkotasuna ere zalantzan jarri dute, ez dituelako nazioarteko babes eta giza eskubideen hitzarmenak errespetatzen.
Modu honetan, errefuxiatuen egoerari irtenbide humanitario bat emateko eskatu die udalak Europako Batasuneko estatuei.