Genero ikuspegitik landuko du hirigintza udalak
11 puntu kritiko ezabatu edo egokituko dituzte aurten.
Donostiako Udalak gune hauek zaintzen, baina duela bi urte eman zitzaion benetako bultzada gaiari, puntu kritikoen mapa egin zenean.
Ordutik asko dira egokitu diren guneak. 2015. urtean, esaterako, 11 gunetan egin zituzten lanak. Aurten, iaz hasitako lau puntu kritiko egokitu dituzte jada, eta beste 7 gune moldatzea aurreikusi du udalak.
Epe motzean hasiko diren lanen artean Amarako Karlos I.aren etorbideko pasabidea dago. Bizikletentzako aparkaleku bat egitea baztertu ondoren, pasabidea itxi egingo dute. Altzako Ermita kaleko tunela ere kenduko dute; Oletako pasabide ingurua txukunduko dute; Errondogaineko bidea ere kendu egingo dute; Iztuetako bidezubian ere lanak egingo dituzte, Uliako bidea hobeto argiztatuko dute; eta Maldatxo, San Ignazio eta Matigoxotegin ere argiztapena hobetuko dute.
Egiako pasabidea da aurki egokituko duten beste puntu bat. Autobus geltokiko eta Tabakalerako lanekin, pasabidea laburragoa egin dute, baina oraindik guztiz egokitu gabe dago. Hormetan eta sabaian material argiztagarriak jarriko dituzte, eta argiztapena ere hobetuko dute.
Horiek dira aurki hasiko dituzten lanak, baina Duñike Agirrezabalaga Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak azaldu duenez, “oraindik lan asko dago egiteko”. Puntu kritikoen maparen arabera, 22 gune leudeke oraindik moldatu beharrekoak.
Baina gune horiek ez dira udal gobernuak egokitu nahi dituen bakarrak; hiri diseinu osoan ezarri nahi du genero ikuspegia. Hala, argiztapena hobetuko dute, inguru arriskutsuetan esku hartuko dute bereziki emakumeen segurtasunean sakonduz; eta hirigintza ordenantzak ere genero ikuspegitik landuko dituzte.
Agirrezabalagak adierazi duenez, ordenantzen aldaketa horixe da hain zuzen ere hiriko emakume talde eta elkarteek gehien eskatzen dutena. Horregatik, Donostiako udalak “ahalegin berezia” egingo du hirigintza proiektuetan: arkuperik gabeko guneak sustatuz, material gardenak erabiliz pasabide eta igogailuetan, atari egokiak sortuz…”Hiri diseinuari dagozkion aldaketa horiek izugarri laguntzen dute emakumeen segurtasun sentsazioan”, esan du zinegotziak.
Berdintasun saileko ordezkariak eta teknikariak atzo bildu ziren hiriko hainbat emakume taldetako ordezkariekin Emakumeen Etxean. 2015ean egindako egokitzapenen berri eman zuten eta aurtengo proiektuak ere aurkeztu zituzten. Tailer moduko batean, emakumeen hainbat ekarpen ere jaso zituztela jakinarazi du Agirrezabalagak. Tunel eta pasabideetan sentsore bidezko argiak jartzea, esaterako.
Segurtasuna handitze aldera, Udaltzaingoak identifikatuta dauden puntu kritiko horietan zaintza indartu du. Eta mugikortasun sailetik gaueko garraiobideen erabilera sustatuko dute. Agirrezabalagak azaldu duenez, gauez beharren araberako geldialdiak egitea aztertzen ari dira Dbus-ekin.
Oinezko herritarrak dira hiriko txokoak hobekien ezagutzen dituztenak, eta euren ekarpenak lagungarri dira hiriaren argazkia osatzen joateko. Herritarrak eurak izango dira, hain zuzen ere, hiriko sei gune aldatzen parte hartuko dutenak, Olatu Talkaren baitan.
Ezinegona eta herritarren segurtasuna kolokan jartzen duten puntu kritikoak dira agian gehien nabarmendu direnak. Urteak daramatza