Aste Santuko oporraldian egitarau zabala izango da Urgullen
Donostiarrek eta bisitariek Urgull mendiko udal eraikinetara gerturatu, eta bertan antolatuko diren jardueretan parte hartzeko aukera izango dute. Orain Aste Santuko oporraldian inoiz baino jarduera gehiago egingo dituzte Urgulleko hiru guneetan. Apirilaren 3a arte (astelehenetik igandera) irekita egongo dira liburutegia, Natur Txokoa eta Historiaren etxea.
Gune bakoitzak astean bi egunez haurrei eta familiei zuzendutako ekitaldi berezi ugari antolatuko ditu oporraldi honetan ohikoa den bezala, larunbatetan izan ezik. Astelehen eta ostegunetan Liburutegian (Damen Bateria), astearte eta asteazkenetan Natur Txokoan (Gobernadorearen Bateria) eta ostiral eta igandeetan Historiaren Etxean (Motako Gaztelua) burutuko dira jarduerak. Guztiak doan izango dira eta parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea; sarrera librea izango da tokiak bete arte.
Aisialdia eta kultura uztartuz, ingurumena, hiriko historia, haur eta gaztetxoentzako tailerrak, jokoak eta ipuin kontaketak, txotxongiloak eta askotarikoak bildu dira eskaintza honetan. Jarduerak 17:00etan hasiko dira astean zehar, eta 12:00etan igandeetan.
Damen baterian dagoen liburutegia egunero irekiko da 11:00etatik 13:30ak arte, eta 16:30etik 18:30ak arte, jai egunak barne. Bertan haurrentzako liburu dibertigarriak, cd-rom arrakastatsuenak, interneten nabigatzeko ordenagailuak eta helduentzako liburu, prentsa eta aldizkariak eskaintzen dira. Donostia Kultura txartela dutenek maileguan eraman ditzakete liburuak eta hiru asteren buruan, Alderdi Ederreko liburutegian itzuli. Eskaintza osatzeko, astelehen eta ostegunetan, arratsaldeko bostetan, haurrei zuzendutako ekitaldiak ere izango dira.
Urgull mendiko naturaren gela berezia da Gobernadorearen Baterian kokatuta dagoen Natur Txokoa. Bere helburua da ingurumen-aberastasun handia duen kokagune historiko horretatik naturarekiko errespetua sustatzea, aisialdiko jarduera didaktikoen bidez. Garai batean Napoleonen Goardiarenak izan ziren azpiegitura horietan, Aste Santuan haurrentzako tailer eta jarduera sortzaileak antolatuko dira astelehenetik igandera egunero, bai eta jarduera bereziak ere astearte eta asteazkenetan arratsaldeko 17:00etan. Natur Txokoa irekita egongo 16:30etik 18:30era.
Urgull mendiaren tontorrean, Mota Gazteluan, Donostiak bere historia erakusten du Donostiari begira erakusketak Historiaren Etxean. 800 urtetan gertatu diren eta gaur egungo Donostia definitzen duten gertaera eta mugarriak azaltzen dira ikus-entzunezko euskarri digitalen, maketa, objektu eta eszenografien bitartez. Neguko itxieraren ondoren, irekita dago jadanik Historiaren Etxea, eta hilaren 30etik aurrera beste bi guneekin batera jarduerak eskainiko ditu. Irekita dago astelehenetik igandera 10:00etatik 17:30era. Gainera, ostiraletan (17:00etan) eta igandeetan (12:00etan) haurrentzako jolas eta tailerrak izango dira. Oporraldiaren ostean, gune honek zabalik jarraituko du.