Bi mila lagun baino gehiago kalera atera dira errefuxiatuei elkartasuna adierazteko
'Ongi etorri, errefuxiatuak' lelopean, martxa jendetsua egin dute Trintxerpetik Donostiara.
SOS Arrazakeria, Medicus Mundi eta Gipuzkoako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak antolatu zuen atzoko martxa. Gogoratu zuten duela 20 urte egindako lehen martxa asilo eskubidea eskatzeko egin zutela, eta aurten berriro eskatu behar izan dutela. Babes eta asilo bila dabilen jendea gogoan, kandelak piztu zituzten martxaren bukaeran.
Ongi etorri errefuxiatuak lelopean, aurtengo martxa donostiar errefuxiatu oldea bilakatu da. Olatuen indarrak etxetik ihes egitera behartu dituen martxa bat irudikatu zuten, maletak eskuan eta plastizkozko tapakiak soinean zituztela. Aurreko urteetan bezala, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxak gipuzkoar jendea sentsibilizatu nahi izan du. Hiru helburu dituzte: asilo eskubidearen defentsa, pertsona errefuxiatuak hartzeko politika eraginkorragoa abian jartzeko eskakizuna eta Europako asilo politikaren kontraesanen salaketa; EBeko herrialdeek sinatua baitute Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, zeinek dioen “jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea”.
Agustin Unzurruzaga SOS Arrazakeriako bozeramaileak salatu du “eskandalua” dela errefuxiatuak Turkiaren esku uztea, herrialde hark Europak baino baliabide gutxiago dituenean.
Urtero egiten dute arrazakeria eta xenofobiaren aurkako martxa, aurtengoa hemeretzigarrena izan da. Egoera larrian dauden errefuxiatuei elkartasuna adierazi diete, eta Europako Batasuna eta Turkiaren arteko akordioa eskandalutzat jo dute antolatzaileek.