Elena Odriozolak egin du Musika Hamabostaldiaren kartela
Hemeretzi saguz osatutako orkestra barroko bat irudikatu du.
Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak marraztu du 77. Musika Hamabostaldiaren kartela. “Goxoa, intimista eta itxura samurrekoa” da. Hemeretzi saguz osatutako orkestra barroko bat irudikatu du Odriozolak aurtengo kartelerako. Saguek, gehienek bai behintzat, benetakoak ez diren musika tresnak dituzte esku artean. Sabaitik zintzilik Musika Hamabostaldiaren hizki eta datuekin osatutako lanpara dotore bat dago, eta lanpararen ertz batean, hainbat luma galdu dituen txoritxo bat ageri da: “Saguetako hainbat sabaira begira daude; txoriaren presentziak aztoratu egin ditu eta nahaste-borrastea sortu da orkestraren baitan”, esan du egileak berak.
Duela gutxi, hain zuzen, Errauskineri buruzko liburu bat ilustratzeko, sagu pila bat egin zituen, eta haiek pentsatzen eta irudikatzen oso ondo pasa zuela kontatu du Odriozolak. Eta kartel hau egiten ere oso ondo pasa duela aitortu du: “asko disfrutatu dut prozesu osoarekin; eta nik uste dut esku artean duzun horrekin jolaseko modua daukazunean eta disfrutatzeko gai zarenean gauzak askoz ere hobeto ateratzen direla”.
“Kartela ahalik eta pieza kopuru txikienarekin egiten ahalegindu naiz. Horixe izan da nere helburua: bitarteko gutxi batzuk erabilita, ahalik eta gauza gehien kontatzea. Hau horrela, saguak egiteko sei zigilu baino ez ditut erabili. Lehen lehenik pieza guztiak paperean egin nituen eta, behin haiek moztuta, jolasean hasi nintzen; pieza ezberdinak uztartzen eta saguak osatzen. Bigarren urrats batean paperean egindako piezak zigilu bilakatu nituen eta zigiluekin, banaka-banaka, sagu guztiak irudikatu nituen. Lanpara berriz, ordenagailuz egin nuen, bertan agertzen den informazioak irakurterraza izan behar baitzuen”, esan du.
Laster emango dute 2016ko Musika Hamabostaldiaren egitarauaren aurrerapenaren berri.