Donostiako Udalak 3,4 milioi euroko superabitarekin itxi du 2015. urtea. Eneko Goia alkateak esan du udalaren finantza egoera "ona" dela, eta beharrei aurre egiteko gai izango dela.

Jaime Dominguez-Macaya Ogasuneko eta Finantzetako zinegotzia eta Eneko Goia alkatea. (Argazkia: Donostiako Udala)
Diru sarrera arruntak hazi egin dira,
higiezinen negozioa gehiago mugitu delako; eta
Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak bi milioi gehiago eman dizkio
Donostiako Udalari. Bi arrazoi nagusi hauetan oinarritu dute 2015eko ekitaldiaren
3,4 milioiko superabitaren azalpena. Eneko Goia alkateak eta Jaime Dominguez-Macaya Ogasuneko eta Finantzetako zinegotziak azaldu dute udalaren 2015eko likidazioa, eta finantza egoera “ona” dela adierazi dute.
Diru sarrera arruntak espero baino altuagoak izan dira. Aurreko ekitaldian aurreikusitakoa baino 9,4 milioi euro gehiago lortu dira. Zifra honen ia erdia etxeen salerosketan sortzen den gainbalio zergari dagokio. Higiezinen merkatua espero baino gehiago mugitu zela azaldu du Goiak. Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak aurrekontuan bi milioi gehiago ekarri izanak ere lagundu du superabita lortzea.
Beharrei aurre egiteko dirua badagoela adierazi dute. Aurtengo aurrekontuan 11,3 milioi euroko erreserba hornitu du 2015eko likidaziotik oraindik ordaintzeke gera daitezkeen gastuei aurre egiteko. Bestalde, kupoa dela-eta sor daitekeen zerga ordaintzeko gai dela esan dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei gomendatu zien diru kopuru bat gordetzeko. 6,4 milioi euro gorde ditu, badaezpada.
Aurreikusitako inbertsio batzuk ez dira egin, eta beraz, gutxiago gastatu du. Zehazki 6 milioi dira jabetza pribatuekin edo erakundeekin batera finantzatu behar diren, eta egin ez diren lanak.
Eskuzaitzetako urbanizazioa, Illunbeko sarbidea, edo Martuteneko Astiñeneko zubia dira egin ez diren hiru proiektuetako batzuk. Udalaren esku zegoen Lasala plazako eraikinaren salmentak 14,5 milioi euroko ezohiko sarrera ekarri dio udalari.
Hornitzaileei batazbeste 32 egunean ordaintzen die Donostiako Udalak. Guztira,
107,6 milioiko zorra – finantza erakundeei itzuli beharrekoa- du Donostiako Udalak, legeak onartzen duenaren erdia baino gutxiago.