Arrobitxulo aisialdirako parkea, irekitzeko prest
Azken ikutuak ematen ari dira, eta laster irekiko dute.
Herrera eta Intxaurrondoko bizilagunek parke berria estreinatuko dute laster: Arrobitxulo aisialdirako parkea. 18.935 metro kuadro ditu, eta estalitako gune bat dauka, eguraldi txarra egiten duenean ere, haurrek jolasteko espazio bat izan dezaten. Karpa moduko baten azpian elementu ugari jarri dituzte: txirristak, saskibaloi saskia, egurrezko egiturak… Bizikletan trial modalitatean ibiltzeko pump track pista bat eraiki dute, istripuak saihesteko elementuekin babestuta.
Joan den udazkenean hasi ziren lanak egiten, eta jada azken ikutuak ematen ari dira. Auzotarrek piknik eremu bat izango dute: egurrezko 9 mahai, 16 eserleku handi eta iturri bat. 3 metro altuerako rokodromo bat, eta 5,8 metro altuerako armiarma sare erraldoi bat ere jarri dute. Adineko jendearentzako ere zirkuitu berezi bat osatu dute.
259 metroko ibilbide batek parkea alderik alde zeharkatzen du. Herrera eta Intxaurrondo lotzen dituen bidegorriaren ondoan dago parkea.