Bizilagun gehiago inplikatu nahi dituzte Amara Berri auzo elkartean
Urteko ohizko biltzarra egin dute; auzoko gune guztietara iristeko jende gehiago behar dute.
Auzoko 280 ataritan iragarri zuten urteko ohizko biltzarrerako deialdia, eta horri esker, ohi baino jende gehiago erakarri zuten bilerara: “Normalean hiruzpalau pertsona etorri ohi dira. Aurten, 21 lagun etorri dira”, azaldu du Iñaki Olasagasti Amara Berri auzo elkarteko presidenteak. Eta hori da elkarteak duen behar garrantzitsuenetako bat: bizilagun gehiago inplikatzea. Aurten 21 urte bete ditu elkarteak, eta oraindik lan asko dute egiteko, Olasagastiren ustez: “Urte asko daramagu lanean, baina oraindik jende askok ez gaitu ezagutzen”. Auzoko etxebizitza guztietako administratzaileekin bilerak egiteko asmoa dute, elkartearen berri eman, eta urtean zehar egiten duten lana azaltzeko: “Lan handia da, baina ezinbestekoa da gure elkartea ezagutzera eman ahal izateko”.
Auzoaren alde lan egiteko gogotsu jarraitzen dute, eta saltsa guztietan parte hartzeko prest daude. Elkartean, ordea, bizilagun gehiago behar dituzte: “Auzo guztira iristeko lan talde gehiago behar ditugu. Adibidez, Antso Jakitunaren hiribide inguruan. Batzordean hamar kide gara, eta lan karga handia dugu. Begi gehiago behar ditugu auzo osoan zehar”.
Helburu berririk ez dute finkatu, oraindik ez dutelako orain arte ezarritakoak betetetzea lortu: “Bizilagunek euren ideiak, iradokizunak eta kexak gurekin partekatzea nahi dugu. Mantentze lanak beharrezkoak diren leku horien inguruan konponketak exijituko dizkiegu erakundeei, orain arte bezala. Eta bizipoza zabalduko dugu, hori ere ezinbestekoa da-eta”.
Interes handia dute Donostiako Sustapena eta Paisaje Transversal taldea auzoko merkataritzaren inguruan egiten ari diren proiektu batean: “Hutsik dauden lokalak zenbatzen ari dira, eta auzoko merkataritza aztertzen ari dira. Egian ere ari dira lanean”. Karlos I.aren hiribideko batzordearekin ere elkarlanean jarraituko dute aurrerantzean, eta Sahats plaza eta Aterpe-ren inguruan sortu diren arazoak aztertu nahi dituzte.