Iaz baino %73 bisitari gehiagori egin die harrera Donostia Turismoak
Aste Santuan, guztira, 16.000 lagun baino gehiagok jaso dute informazioa bulegoetan.
Aste Santuaren inguruko balantze baikorra egin du Donostia Turismoak. Izan ere, arduradunen hitzetan, bulegoetan iaz baino %73 bisitari gehiagori eman diete arreta, eta produktu turistikoen salmenta %51 hazi da (bisita gidatuak, tren eta autobus turistikorako txartelak, SSCard eta BasqueCard txartelak etab.). Hau da, joan den martxoaren 19tik 28ra, 6.711 bisita-unitate izan dituzte; 2015ean, berriz, 3.636. Bisita-unitate bakoitzeko, normalean, hainbat pertsona izaten dira; beraz, guztira, 16.095 bisitariri eman diete harrera (2015ean, 10.077).
Arduradunen ustez, bi informazio puntu berrien ondorioa da igoera, hein batean. Hala, 5.811 lagun jaso dituzte bulego nagusian; 5.401 lagun, Donostia 2016 Gunean; 3.589, planoen displayen bitartez, eta 1.292, autobus geltokiko bulegoan.
Batez ere, Katalunia eta Madriletik etorri dira bisitariak, baita Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Argentina, AEB eta Australiatik ere.