Urumeako skiff jaitsiera jokatuko dute larunbatean
Ur-Kirolak arraun elkarteak bosgarren urtez antolatu du estropada, Antxon Beitiaren omenez.
Urumeako V. Skiff Jaitsiera antolatu du Ur-Kirolak arraun elkarteak, Gipuzkoako Arraun Federazioaren laguntzarekin. Aurten ere Antxon Beitiaren oroimenez jokatuko dute lehia; larunbatean, apirilak 2, 12:00etan.
Martuteneko 27 industrialdearen pareko zubian izango du irteera estropadak, eta 5 kilometro beherago bukatuko da, Maria Kristina zubiaren parean. Itsaso zakarra izanez gero, helmuga Burdinezko Zubiaren parean jarriko dute, proba 4 kilometrora murriztuz.
Kadete, junior, senior eta beteranoen kategoriatara dago irekia proba, gizonezko zein emakumezkoetan.
Delegatuen bilera Urkiren Loiolako egoitzan izango da, 10:30ean. Hain zuzen ere, partaideak bertatik uretaratuko dira. Lehia erlojupekoa izango da, eta minuturo irtengo dira partaideak.
Urkiren webgunean topa daiteke estropadaren araudi guztia.