Donostiako Udalak zozketa bat egingo du baimena nori eman erabakitzeko.
Piratek udan emandako surf eskoletako bat. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Laster irekiko du epea Donostiako Udalak Zurriolan udan ikastaroak eman nahi dituzten surf eskolentzat. Halaxe jakinarazi du Hondartzetako zinegotzi Miguel Angel Diezek. Eskaerak jaso ostean, zozketa bidez erabakiko dute zein hamabi eskolari eman baimena (iaz, zazpik izan zuten aukera). Zozketa horretatik kanpo geratuko da Zurriola Surf Eskola, 2017a arte akordioa lotuta baitu udalarekin. Udalak bere webgunearen bidez jakinaraziko du zein epe izango duten interesatuek euren eskaerak aurkezteko.
Eskolako gehienez bi begirale edukitzeko aukera egongo da, eta Euskal Surf Federazioak edo Gipuzkoakoak onartutako titulazioa izan beharko dute. Gainera, irakasle bakoitzak gehienez bost ikaslerekin aritzeko aukera izango du. Surf eskolek 300 metroko tartea izango dute, hondartzaren eskuinaldean, ohiko surfistekin tartea elkarbanatuta. Horretaz gain, 150 metroko beste tarte bat izango dute, ezkerraldean, gaztetxoentzako eskolak emateko, taula bigunekin.