Gaztetxoak sukaldean jarri nahi dituzte
Basque Culinary Centerrek eta Donostia 2016k sukaldaritza lehiaketa bat antolatu dute.
Basque Culinary Centerrek eta Donostia 2016k sukaldaritza lehiaketa bat antolatu dute 12 eta 16 urte artekoentzat; hala, errezeta tradizionaletatik abiatuta sortu beharko dituzte errezeta berriak. Sukaldaritza-ikastaro bat izango da irabazleentzako saria, Basque Culinary Centerren. Duela hilabete batzuk, bi erakundeek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten gastronomia-kulturari lotutako jarduera-programa oso bat gauzatzeko, eta lehiaketa hitzarmen horren baitan kokatu dute.
Azken batean, errezeta tradizional bat berregin beharko dute partaideek, nahi duten zatietan berrikuntzak eginez, eta bideoan grabatu beharko dute. Taldeak osatzeko, gutxienez bi kide eta gehienez lau elkartu beharko dira (12 eta 16 urte bitartekoak denak). Errezeta tradizionalari egindako aldaketen arrazoia azaldu beharko dute, eta hiru eta sei minutu bitarteko bideo bat grabatu. Euskaraz izan beharko da, eta hau azaldu beharko dute:
– Errezetaren jatorria
– Zergatik aukeratu duten errezeta hori
– Errezeta egiteko pausoak
– Errezeta egiteko erabili behar diren produktuak eta tresnak
– Plater amaituaren irudi bat
Bideoak jada bidal daitezke, maiatzaren 29ra arte, atari honetara: Sukaldean sortzaile. Bertan topa daitezke lehiaketaren oinarri guztiak.
Sukaldean aritzea gogoko duten gaztetxoek aukera ederra dute oraingoan.