WhatsApp aplikazioaren bidez, interesatzen zaizkion gaien inguruko informazioa jasoko du erabiltzaileak.

Cristina Enea Fundazioaren egoitza, Egiako parkean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Cristina Enea Fundazioak hainbat jarduera antolatzen ditu, eta euren berri jaso nahi duenak lan erraza izango du. Izan ere, albisteentzako alerta zerbitzua jarri du abian fundazioak. Interesatzen zaizkion gaiekin lotutako alertak bakarrik iritsiko zaizkio erabiltzaileari, eskuko telefonora, WhatsApp aplikazioaren bidez.
Webgunearen lotura honetan dagoen formularioa bete behar dute interesa dutenek, eta euren izena eta telefono zenbakia eman beharko dituzte (WhatsApp aplikazioa eduki behar da). Ondoren, gai-zerrenda zabal batetik, erabiltzaileak interesatzen zaizkion gaiak aukeratu ditu.
Berez, fundazioaren webguneko buletin zerbitzuak erabiltzaileari aukera ematen dio albisteak jasotzeko, baina, buletinak ez du informazioa diskriminatzen, beraz, erabiltzaile guztiek informazio bera jasotzen dute. Alerta zerbitzuari esker, erabiltzaileak berak aukeratutako informazioa bakarrik jasoko du.
Gaiak honakoak dira:
· Ikastaroak eta tailerrak
· Erakusketak
· Hitzaldiak eta mahai inguruak
· Irteerak
· Proiekzioak
· Haziera
· JantziAgain
· Haur-jarduerak eta tailerrak
· Ulia Interpretazio Zentroa
· Urgulleko Natur Txokoa
· Bizikletaren Behatokia
· Iraunkortasunaren Behatokia
· Prentsaurrekoak
· Besteak (erabiltzaileak gehitu nahi duen gaia)