Musika eskolen jaialdia izango da Emusik, maiatzaren 4tik 7ra.
Emusiken parte hartuko duten kideetako batzuk, agintariekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostia eta beste 59 herri izango dira Emusik jaialdiaren eszenatoki, maiatzaren 4tik 7ra. Hain zuzen ere, Europako musika eskolen jaialdia izango da Emusik, eta milaka ikaslek 120 kontzertu baino gehiago eskainiko dituzte egun horietan. Gipuzkoatik at ere doako kontzertu irekiak emango dituzte, herritarrei zuzenduak, Bizkaia, Araba, Lapurdi, Nafarroa eta Errioxan. Toki horietan euren abileziak erakutsiko dituzte hainbat herrialdetatik iritsitako ikasleek: Hungaria, Polonia, Italia, Finlandia eta Danimarka, besteak beste. “2016ren kontzeptu indartsuena azpimarratuko du, bizikidetza”, aipatu du aurkezpenean Denik Itxaso Kultur diputatuak.
Europako Kultur Hiriburuaren proiektua da Emusik; hala, 2016 berak antolatu du hamabigarren jaialdia, Donostiako Musika eta Dantza Eskolarekin batera, eta lurraldeko hainbat eragileren laguntzarekin.
Egun handiak: 6 eta 7
Maiatzak 6 eta 7 izango dira jaialdiaren egun garrantzitsuak. Anoetan egin zuten lehen entsegua, iaz, baina, azkenean, Illunbek hartuko du inaugurazio ekitaldia; maiatzaren 6an, 11:00etan. Bertan, 8.500 ikasle batuko dira, musika eta dantza ikuskizuna egingo dute. Elkarrekin lau abesti eskainiko dituzte:
San Sebastian Martxa,
Txanton piperri,
Europako Ereserkia eta
Musikatu bizitza. Emanaldi horretarako sarrerak apirilaren 25ean jarriko dituzte salgai. Itxiera ekitaldia, berriz, maiatzaren 7an izango da, 20:00etan, Saguesen. Ikasleek osatutako Big Band batek joko du, eta ondoren DJ saioa egongo da.
Europako musika eskolek bi errezitaldi emango dituzte bi egoitzetan: maiatzaren 6an, arratsaldean; eta 7an, goizean. Modu horretan, 59 herri anfitrioiek doako 120 kontzertu baino gehiagoz osatutako programazioa hartuko dute. Tokiko taldeek zein bisitariek parte hartuko duten ekitaldi hauetan; hainbat musika-estilo jorratuko dituzte.
Edonola, jaia, maiatzaren 4an eta 5ean hasiko da hamar herritan izango diren hogei kontzerturekin. Gehienbat, tokiko ikasleak izango dira kontzertu horiek eskainiko dituztenak, Donostia, tartean. Musika Eskolen Europako Elkartearen aldizkako batzarra ere egingo dute.