#KatiuskaErronka izena du elkartasunezko egitasmoak; Donostia Kulturako langile batzuek jarri dute abian.
#KatiuskaErronka egitasmoaren aurkezpena. (Argazkia: Donostia Kultura)
Gerratik ihesi doazen pertsonei elkartasuna adierazi eta laguntza eman nahi diete. Errefuxiatuen kanpamenduetan daudenentzako oinetakoak bilduko ditu
#KatiuskaErronka egitasmoak. Herritarrei ahalik eta bota pare gehien emateko eskatu diete: katiuskak, mendiko botak, kirola egiteko oinetakoak… “Ekimen hau txikia da, baina oin asko lehor eta bero mantentzeko eta gaixotasunak saihesteko lagungarri izango da. Gainera, gerratik ihesi doazen pertsonei gure elkartasuna adierazteko modu bat da eta Europan errepikatuko ez zela uste genuen egoera gaitzesteko”, adierazi dute proiektuaren bultzatzaileek.
Donostia Kulturako langile batzuen ekimenez sortu da elkartasunezko proiektua, eta dagoeneko hainbat enpresa eta elkartek bat egin dute: Antza, Basque Lifeguards, Vasco de Camping, Donostiako Museoak, Druck, DSS2016EU, Forum Sport, Hotz Zarautz, Tabakalera, TGA, RCTSS, Zaporeak Solidarioak…
Oinetakoak uzteko hainbat gune irekiko dituzte bihartik aurrera: Tabakalera, San Telmo Museoan, Donostia 2016ren egoitzan, Donostia Kulturaren kultur etxeetan eta liburutegietan, Viktoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean. Apirilaren 15era arte, ekarpenak egiteko aukera egongo da oinetakoak bertan uzteko. Ekitaldi nagusia apirilaren 17an, igandea, egingo dute Zuloaga plazan: “Bertan, 12:00etan, errefuxiatuekiko gure elkartasuna erakutsiko duen argazkia egingo dugu, kanpalekuetara bidaliko ditugun bota guztiekin”. Egun horretan ere oinetakoak bilduko dituzte.