444 etxebizitza egingo dituzte Antzietan
Urumeako ibarra etxebizitzak egiteko egokitzeko lanetan dihardu Donostiako Udalak. Gaur, esaterako, Martuteneko Antzieta eremuko Hiri-Antolamendurako Plan Berezia onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak.
Hala, 87.581 metro koadroko eremu bat egokituko dute 444 etxebizitza egiteko bertan; horietatik 178 etxebizitza babes ofizialekoak izango dira.
Antzieta Martuteneko kartzela eta 27 Industriagunearen artean dagoen eremua da. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, proiektu honen bidez jarraipena emango diote Txomin Eneari, eta Martutenerekin lotura sortuko dute.
Aurreikusitako etxebizitza guztiak eraikitzeko gaur egungo pabiloiak eraitsi beharko dituzte, eta ondoko lur sail batean eraiki. Hortaz gain, ibilgailuentzat 1.922 aparkaleku eta bizikletentzako beste 1.661 aparkaleku egitea aurreikusi du udalak.
Apirila bukaerako udalbatzarrera eramango du gaia udal gobernuak, izapideekin hasi aurretik.