Aranzadi Zientzia Museoak eta EMMOA fundazioak hitzarmena sinatu berri dute, euren indarrak batzeko.

Eskua eman diote elkarri bi elkarteetako ordezkariek, akordioa eskutan zutela. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskal mendizaletasunaren ondare historikoa ongi gordeta edukitzea eta zabaltzea dute helburu
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta
EMMOA fundazioak (Euskal Mendizaletasunaren Museoa). Horregatik sinatu dute hitzarmen bat, mendizaletasunaren memoria babesteko asmoz. Intxaurrondoko Parada baserrian osatu nahi dute Euskal Mendizaletasunaren Museoa izenekoa, eta oraindik erabiltzeko baimenik ez badute ere, dagoeneko materiala biltzen hasi dira.
Kontua da, Espainiako Gobernuaren jabetza dela momentu honetan Parada, eta AEMETen esku dagoen arren, hutsik dago. Aranzadiri eman behar dio Espainiak kudeaketarako baimena, baina gobernua osatu bitartean, ez dute sinadurarik lortuko. Beraz, zain daude.
Mendizaleek emango dute materiala
Indarrak batzeko sinatu dute akordioa bi elkarteek. Aranzadik 70 urte daramatza memoria historikoa ikertzen, eta harreman estua izan du euskal mendizaletasunaren munduarekin. Hala, baliabide teknikoak eskainiko dizkie Aranzadik mendizaleei, sailka ditzaten EMMOAk dituen liburu, artxibo, fototeka eta bildumak.
Materiala biltzea dute helburu, eta dagoeneko lan horretan hasi dira. Izan ere, 100 urte baino gehiagotan objektu berezi asko batu dituzte alpinistek, eskalatzaileek, eskiadoreek eta mendizaleek: argazkiak, mendiko materiala, liburuak… “objektu bakoitzak bere historia du”, aipatu dute aurkezpenean. Dagoeneko 120 iparrorratz dituzte, eta hainbat mendizale hasi dira ematen eurentzako bereziak diren objektuak. Juanito Oiartzabalek, esaterako, oinak osorik zituela egin zuen azken espedizioko botak eman ditu; Alex Txikonek, berriz, 2005ean topatutako makila puntadun bat; Juanjo San Sebastianek arropa eman du, K2 igo zuenean erabili zuen jertsea… eta pixkanaka, sorta ederra osatuko dute.