Saharako haurrak hartzen dituen 'Oporrak bakean' programaren 30. urteurrena ospatuko dute ostegunean udaletxean.
Agurtzane Altuna
Tindufeko errefuxiatu kanpamendua, Saharan.
Sahararrek Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan bizirauten dute azken lau hamarkadetan. Nortasunaren borroka horretan diraute tinko, eta gatazka politikoaren amaierak ez du zantzurik ageri. Basamortuko baldintzak oso gogorrak dira, bereziki udan, oso tenperatura altuak baitituzte.
Bizimodu gogorrari aurre egin behar dioten haurrek pare bat hilabetez arnas hartzeko helburuz sortu zen Oporrak Bakean programa. 30 urte bete ditu aurten, eta Donostia izan zen hiri aitzindarietako bat. Urteurren biribila ekitaldi biribil batekin ospatu nahi izan du Donostiako Udalak. Ostegunean, apirilak 7 egingo dute ekitaldi nagusia, udalbatza aretoan, 18:00etan.
Aila 30 programa aurkeztuko dute bertan. Aila hitzak familia esan nahi du hasanieraz, saharar dialektoz. Hitz joko hori baliatu dute urteurrena ospatzeko. Izan ere, familiak dira Oporrak Bakean programaren oinarri. 30 dira Donostiara etortzen diren haurrak. Aurten gainera zailtasunak izan dituzte harrera familiak topatzeko. Programa bera kolokan egon da azken unerarte, baina azkenik lortu dute kopurua osatzea. Dena dela, Duñike Arrizabalaga Lankidetza zinegotziak jakinarazi duenez, bi haur familiarik gabe daude oraindik, eta momentuz aterpetxeetan hartu beharko dituzte.
Ostegunean 30 urte hauetan harrera programan parte hartu duten familiak, elkarteetako kideak, Frente Polisarioko ordezkariak, medikuak, boluntarioak eta saharar herriari elkartasuna adierazi dioten beste hainbat lagun bildu nahi dituzte udaletxean. 600 gonbidapen banatu dituzte guztira.
Bideo bat prestatu dute ekitaldirako. Bertan zuzeneko lekukotzak bildu dituzte. Duela 30 urte lehen aldiz Donostiako aterpetxeetara etorri ziren haur haienak, esaterako, gaur egun helduak direnak. Baita egungo familienak ere; eta nola ez, errefuxiatu guneetan bizi diren haurrenak ere bai. Bertatik bertara erakutsiko dute azken hauek Saharan bizi duten egoera, egunerokoa, bizi baldintzak…
Sahararen inguruan sare bat ehundua dago jada. 350 bat familia donostiarrek hartu dute parte elkartasun jardueretan. Horien guztien lana, esperientzia eta bizipenak biltzeko Oporrakbakeandonostia.eus webgunea jarri dute abian, edonork elika dezan.
Saharako egoera bistaratzea ezinbestekoa dela adierazi du Agirrezabalagak, eta egoera honek irtenbide bat izan bitartean Donostiako udalak laguntza eskaintzen jarraituko duela azpimarratu du.
Azken bideoak
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea