Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako esperientziaren lekukoa hartuko dute auzoan; batzarra egingo dute larunbatean.
Batzar irekirako deialdia.
Azken hilabeteetan
Egian euskara hutsean aritzeko aurrera eraman duten esperientzia bizitzeko prest daude Añorgan. Larunbatean batzar irekia egingo dute Museum Cemento Rezolan, 10:00etan.
Añorgan Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoa prestatzeko bilera izango da, eta bertan parte hartu nahi duten guztiak daude gonbidatuta: “Añorgan euskaraz bizi nahi dugu. Bakarrik ezin denez, elkarren beharra daukagu. Larunbat honetan abiatuko da bidea. Parte hartu nahi? Goizeko 10:00etan museoan elkartuko gara!”, dio sare sozialen bidez egin duten deialdiak.
Martxoaren 12an
Egia Euskaraz Egunarekin bukatu zuten auzoko 300 lagun baino gehiagok urtarriletik bizitako esperientzia. Partehartzea 350 lagunekoa izan da, eta guztien ekarpenak onak izan dira Egia Euskaraz batzordeko kide Aitziber Gurutzeagaren hitzetan: “Bagenekien %100 euskaraz bizitzera ez ginela iritsiko, mugak ditugulako, baina, lortu duguna da euskara gehiago erabiltzea. Batetik, Jendearen kontzientzian eragin du, eta ez bakarrik partaideetan. Bestetik, norbanakoak bere ingurunean eragin du, denda batera joan eta euskaraz eskatzean, adibidez”. Gauzak hala, Euskaraz bizi zela uste zuena bere gabezietaz ohartu omen da, eta oso erraz jotzen zuela maiz gaztelerara, “Hori oso garrantzitsua da aurrera begira jarrera aktiboago bat hartzeko”. Hizkuntz komunitate bat trinkotu dutela uste du Gurutzeagak, eta aurrera begira erabilera areagotzeko pausoak eman dituztela.