300 estra behar dituzte Borja Cobeagaren film labur berrirako
'Bidexka' izena du Kalebegiak proiekturako filmatuko duen lanak.
Oraindik ez du datarik zehaztu, baina Borja Cobeagak Zurriola hiribidean, Kursaal parean, filmatu nahi du bere film labur berriaren sekuentzia oso bat. “Filmak badu akzio zati bat, anbulantzia batek Donostiako kale batzuk zeharkatzen ditu”, azaldu du Mikel Huercanos Kalebegiak proiektuaren ekoizpen zuzendariak.
Eszena horretarako 300 estra behar dituzte. Estren lana espaloiak betetzea izango da: “Batzuk paseatzen ariko dira, eta beste batzuk zain egongo dira, badakitelako anbulantzia hortik pasako dela”. Zergatik dauden zain? Misterioa pantaila handian estreinatzen denean argituko da. Oraingoz ez dute filmean parte hartuko duten aktoreen berri eman.
Borja Cobeagak eta Diego San Josek idatzi dute Bidexka film laburraren gidoia.
Estra gisa parte hartzeko interesa dutenek bategin@dss2016.eu helbidera idatzi behar dute. Borja Cobeaga Donostia 2016ren egoitzan izango da bihar, osteguna (18:00), hilabeteko lehen ostegunetan egiten duten boluntariotza gunean. Bertan laguntza eskatuko du bere hurrengo film laburra egiteko. Maiatzean filmatu nahi du.