Gidaririk gabeko ibilgailuak abian dira Miramongo Teknologia Parkean
Hiru hilabetez ibiliko dira froga gisa, 7:30etik 19:30era.
Donostiako Udalak mahai gainean duen erronka nagusia. Ibilgailu elektrikoak txertatzen ari dira udal autobus eta autoen sarean, esaterako. Gaur beste pauso bat eman dute: CityMobil2, gidaririk gabeko lehen autobus automatizatua aurkeztu dute Miramongo parke teknologikoan.
Tecnalia ikerketa-zentroak eta Navadays aholkularitza enpresak bideratu dute proiektua, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin. Europa mailan garatu den proiektu bat da, eta Europako beste sei hiritan frogatu ostean etorri dira ibilgailuak Euskal Herrira. Oristano (Italia), Lausanne (Suitza), La Rochelle eta Sophia Antipolis (Frantzia), Trikala (Grezia) eta Vantaa (Finlandia) hirietan frogatu dituzte hain zuzen ere.
Hiru autobus automatizatu sortu dituzte, eta gaurtik aurrera erabilgarri egongo dira Miramongo teknologia parkeko joan-etorrietarako. Gidaririk gabeko autobusek bi kilometroko ibilbidea egingo dute, 7:30etik 19:30era etenik gabe, astelehenetik ostiralera. Bakoitzak hamar lagunentzako lekua du, eta sei geldialdi egingo ditu. Zerbitzua doan da.
Proiektu honen helburua ibilgailu automatizatuak hiriguneetan eta garraio publikoan nola txertatuko liratekeen aztertzea da, eta bide horretan sakontzea. Iñaki San Sebastian Tecnaliako zuzendari nagusiak azaldu duenez, “mundua aldatu zen, garraiobideak aldatu zirelako, eta orain, beste aldaketa baten atarian gaude”.
Mugikortasun iraunkorra helburu izanik, proiektu pilotu honen bidez “hiria laborategi” bihurtu dutela adierazi du San Sebastianek, mugikortasun ereduarekin batera, hiri eredua ere aldatuko dela sinetsita baitago.
Mugikortasun iraunkorra da