Haurrentzako gune berri bat sortuko dute Uliako parkean
Datorren igandean, apirilak 10, egingo dute lehen saioa, 10:30etik aurrera.
Uliako Lore Baratzak proiektuko kideek lanean dihardute, Donostiako Udalaren hirigintza asmoei muzin eginez. Asteburu honetarako ere prestatu dute egitaraua.
Batetik, bioeraikuntza ikastaro bat eskainiko dute. Bi saio egingo dituzte, eta larunbatean izango da lehena. Hurrengoa, berriz, apirilaren 16an izango da. Saio teoriko-praktikoak izango dira. Bioeraikuntzaren oinarriak ikasiko dituzte, akaberak nola egin eta baita egiturak eta hormak nola egin ere.
Teorian ikasitako hori praktikan jarriko dute, eta mintegietako informazio edo harrera bulegoa izango den txokoa eraikiko dute. Hondatuta dauden baratze taulak ere konponduko dituzte, teknika iraunkorren bidez.
Ikastaroak doan izango dira, baina parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute: tailerrak.uliakolorebaratzak@gmail.com edo 635723078. Larunbateko ordutegia 9:00etatik 14:00etara izango da.
Udaberriak lore eta landareen edertasuna piztu ohi du, eta kolorez jantzi natur guneak. Hala gertatuko da Uliako parkean ere. Udaberriko landaketak egiteko lehen prestaketak egin dituzte, landa eremua garbitu dute auzolanean, eta ur-biltegiak ezagutarazteko bisita gidatuek ere harrera ona izan dute.