Erraustegiaren aurkako mugimenduak mobilizazioa egingo du maiatzaren 29an
Zubietan errauste planta bat eta TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat egin eta kudeatzeko bidea emango dio enpresa bati, eta GHK-k 30-35 urte egin beharko ditu, gero, horiek ematen duten zerbitzuagatik pagatzen.
Errauste planta eraikitzeak hondakinen auziari “behin betiko” konponbidea emango diola nabarmendu zuen Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta ez dute atzerapenik nahi datozen hilabeteotarako zedarritu duten egutegian. 2016a erabakigarri nahi dute bidean. Udaberrian interesa izan dezaketen enpresen eskaintzak jaso nahi dituzte, udazkenean ebatzi nahi dute nor den hautatua, eta urtea amaitu aurretik lanak hastea da xedea. «Ondoren, 33-36 hilabete beharko dira zentroa martxan jartzeko», zehaztu zuen Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok.
Otsailean martxa jendetsua egin zuten Zubietara, errauste plantaren aurka. Juan Migel Galatas Errausketaren Aurkako Mugimendua taldeko kideak adierazi zuen mobilizaziora joko zutela: “Orain bi-hiru urte pentsatu genuen ia erabat zokoratu genuela Gipuzkoan errauste planta bat egiteko proiektua. Denok erlaxatu ginen orduan, eta orain, berriro martxan jarri dutenean, hutsetik hasi gara berriz, erraustegirik ez dugula nahi berresteko”.
Zubietan errauste planta egiteko proiektuaren aurka borrokan jarraituko dute, eta maiatzaren 29rako mobilizazio “berezia” iragarri dute. Larunbatean zehaztuko dute protesta honen inguruko informazio guztia, mobilizazioaren berri emateko prentsaurreko jendetsua egingo baitute Donostian, Gipuzkoa plazan, 12:30ean.
GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erakunde barruko estatutuak aldatu, eta “bazkide pribatu” bati lekua egiteko bidea zabaldu zuen martxoan.