Auzoko euskara batzordeak bilera irekia antolatu du datorren asterako, indarrak batzeko asmoarekin.
Bilera iragartzeko kartelak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Jada lau urteko ibilbidea du Martuteneko euskara batzordeak. Goraka joan zena hasieran, ordea, behealdian dago orain. Beraz, berriro ere indartzeko asmoarekin, batzar irekia egitea erabaki dute, apirilaren 13an, 19:00etan, auzo elkartearen egoitzan, dei honekin:
Kezkatzen zaitu Martuteneko euskararen egoerak?
Batzordeko kide batzuekin egon da IRUTXULOKO HITZA: Josune Otxotorena (Martutene, 1960), Mikel Lasa (Beasain, 1967), Mariapi Arratibel (Lazkao, 1957) eta Juanjo Ugartemendia (Martutene, 1969). Hala, biharko papereko edizioan, elkarrizketa zabala irakurtzeko aukera egongo da. “Auzo elkartearen barruan sortu ginen, eta hor jarraitzen dugu. Auzo honetan egon diren kezka nagusiak bi izan dira, uholdeena eta euskararena. Horregatik sortu zuten auzo elkartean Hirigintza saila, eta, bestetik, euskara batzordea”, aipatu du Lasak.