Urumea ibaiarekin beste harreman bat sustatu nahi dute
Ibaiaren eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko programa ekarriko du Hidrologikak egitasmoak.
HidroLogikak. Programa duela sei urte sortu zuen Cristina Enea Fundazioak. Aurten, ordea, Donostia 2016 Fundazioaren babes zabala izango du, eta beraz, helburuetako bat izango da herritar gehiagorengana iristea. Jarduera berriak diseinatzeko aukera ere izan dute, bultzada honi esker.
Urumearen memoria historikoa, kulturala eta ingurumenari lotutakoa berreskuratzen saiatuko dira urte osoan zehar egingo dituzten ia ehun jardueren bidez. Erakusketek, tailerrek, solasaldiek eta irteerek, bestelako jardueren artean, ibaiarekiko harreman berriak sustatuko dituzte, baita bere urei ematen diegun erabileraren inguruan hausnarketa piztu ere.
Hausnarketa politikoa eta antropologikoa bultzatuko dute, urarekin lotutako hainbat arazo mahai gainean jarriz: pribatizazio politikak, uraren merkatilizazioaren aurkako mugimenduak… Peter Cusack soinu artista eta ikerlariak Turkiako hego ekialdean, Tigris eta Eufrates ibaien arteko haranetan eraiki nahi dituzten urtegi erraldoien egitasmoa izango du hizpide Tabakaleran, apirilaren 8an, 19:00etan.
Aizpea Leizaola antropologoak Muga ‘naturalak’ estatu-nazioaren eraikuntzan hitzaldia emango du Cristina Eneako Ingurumen baliabideen etxean, maiatzaren 31n, 19:00etan. Ekainaren 9an, Ni, Urumea dokumentala estreinatuko dute.
Urumea ibaia hiriarentzat berreskuratzeko asmoz, gogoetak eta alternatibak planteatuko dituzte: uren kanalizazioak, obra hidraulikoak eta hirigintzak hainbat arazo sortu ditu, eta honen aurrean konponbideak eskainiko dira. Gainera, hainbat irteera egingo dituzte: bizikleta txangoa Urumea ibaialdetik, ibaiko fauna eta flora ezagutzeko traineru txangoak… Larunbatean, apirilaren 9an (17:00) egingo dute lehen irteera traineruan. Igandean oinez egingo dute txangoa, 11:00etan.
Bioingeniaritzari buruzko hainbat tailer ere emango dituzte, eta ibaiaren memoria sortu eta berreskuratzeko hainbat jarduera egingo dituzte.
HidroLogikak programaren egitarau osoa sarean dago ikusgai.
Googlen ‘Donostia’ hitza bilatuz gero, bilaketan agertzen diren irudi guztiak Kontxako badiarenak dira. Urumea ibaiaz ahaztu egiten garela dirudi, eta hain zuzen, ibaiak duen garrantzia aldarrikatzera itzuli da