Txanpontxo Eguna ospatuko dute bihar, Bidebietan. Lehenengo aldia da antolatzen dutena; jaiak datozela iragartzeko eta dirua biltzeko baliatuko dute
Bidebietako hainbat bizilagun, Isasa parkean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Duela hogei urte baino gehiago sortu zuten Txanpontxo, Bidebietako festen ikur nagusia. Jaiak berreskuratzearekin batera, Moneda baserriaren omenez asmatu zuten pertsonaia. Izan ere, baserri hori da oraindik auzoan zutik mantentzen den bakarra. Bertara joaten ziren bizilagunak, beren txanponak gorde, jaso, aldatu edo errenta ordaintzera.
Hori oinarri hartuta, Txanpontxok txokolatezko txanponez beteta eramaten du saskia jaietan –aurten, maiatzaren 19tik 22ra ospatuko dituzte–. Guardaplatako aldapatik jaitsi, eta bidean zain dituen auzoko umeak agurtzen ditu. Gainera, horietako asko beregana hurbiltzen dira, txokolatezko txanponak jasotzeko asmoz.
Bada, auzoko ikurraren izena baliatuko dute bihar Bidebietakoek Txanpontxo Eguna ospatzeko, baina oraingoan ez da pertsonaia azalduko, «hori bakarrik jaietako lehenengo egunean, ostegunean, irteten delako kalera». Halaxe azaldu diote Bidebietako Jai batzordeko zenbait kidek Irutxuloko Hitzari.
Lehenengo aldia da antolatzen dutena, eta jaiak iragartzeaz gain, dirua ere biltzeko helburuarekin egingo dute.
Diru laguntzarik ez
Hiriko jai batzorde guztiek diru laguntzak eskatu behar izaten dituzte urtero, data zehatz batean. Aurten, baina, deialdia hilabete batzuk lehenago egin zuten, eta lau auzok ez zuten jakinarazpena «egoki» jaso; Bidebieta, tartean. «Ez genuen garaiz aurkezteko aukera izan, eta horren aurrean ez genuen geldi geratzeko asmorik. Hasieran, beraz, helburu nagusia dirua biltzeko festa bat antolatzea erabaki genuen. Geroago, pentsatu genuen festa hori ere jaietarako grina pizteko modu bat ere izan zitekeela, jaiak badatozela iragartzeko modu bat», azaldu du Haizea Bustok, jai batzordeko kide batek.
Hala, lanean hasi eta nahiko azkar antolatu ahal izan dute guztia. «Parte hartuko duen jendea eta artistak musutruk datoz, eta denek, modu batean ala bestean, harremana dute Bidebietarekin. Gertukoak dira, eta guztien laguntzarekin erraza izan da festa prestatzea», esan du Nahikari Cervok, jai batzordeko beste kide batek.
Hortaz, adin guztientzako egitaraua eratu dute. 11:00etatik aurrera, haurrentzako tailerrak egingo dituzte: «Maiatzari begira Txanpontxo pertsonaia osatzeko materialak sortuko ditugu», adierazi du Bustok. Gainera, Parrandango taldeko trikitilariak auzoko kaleetatik barrena ibiliko dira. Goiza amaitzeko, zozketa bat egingo dute.
Eguerdian, herri bazkaria egingo dute auzoan, eta parrilada izango da nagusi. Bazkalordua luzatzeko, bingoan jokatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Eguna amaitzeko, Tropical Patrulla taldeko Atodamadre eta Arakuma DJ-ak.
Txanpontxo Eguna ondo joango dela espero dute; horregatik, hurrengo urteei begira ere mantentzea da euren asmoa. Jai batzordeko hirugarren kide batek, Ruben Fernandezek, ziurtatu du larunbatean giroa bikaina izango dela: «Jaiak geroz eta gehiago zabaltzen ari dira, eta publiko guztiari zuzentzen gara. Horregatik, Donostia zein inguruko jendea etortzera animatu nahi dugu».
Filosofia berria
Txanpontxo Eguna da Bidebietako jai batzordearen aldaketaren isletako bat. Hain justu, 2013. urtean trantsizio fase bat egon zen batzordean, eta jende berriak hartu zuen lekukoa.
Ordutik, hainbat aldaketa eta hobekuntza egiten saiatu dira. Esate baterako, lokal bat berritu zuten bertan lan egiteko; furgoneta bat, sorgailu bat, karpak eta beste hainbat material erosi zituzten; eta jaietan lehen aldiz auzoa bera apaindu zuten.
Diruarekin lortu daitekenetik harago, ordea, horren guztiaren muina filosofia berria dela dio Fernandezek: «Duela urte batzuk, jai batzordea itxia zen, gutxi batzuen artean hartzen ziren erabakiak. Baina guk horri buelta eman nahi izan diogu, eta parte hartzaileagoak, euskaldunagoak, Eltzegor Euskal Kultur Elkartearekin aritzen garelako elkarlanean, eta irekiagoak bihurtu ditugu». Era berean, talde gisa indartzen ari direla diote, egitura sendotzen.
Hori dela eta, batzordean dauden bitartean, auzokideak jaietan murgildu nahi dituzte, eta lekukotzaren ideia transmititu: «Berezkoa izan behar da euren interesa; gazteek gogoa izan behar dute jaien parte izateko, eurek prestatzeko», nabarmendu du Fernandezek.
Berrikuntza ugari
Maiatzari begira, bizilagun zein merkatariak «oso sartuta» daudela jaiekin esan dute batzordekoek; hortaz, badirudi haien filosofia ulertzen ari direla. Horren adibide da inguruko zenbait elkarte gastronomikoen parte hartzea. Izan ere, herri bazkariak prestatuko dituzte.
Jai batzordekoek azaldu dutenez, Bidebietako jaiei dagokienez, hainbat berritasun eskainiko dituzte. Patinaje lasterketa bat egingo dute, eta izen emateekin lortutako dirua Etiopiara bidaliko dute; orain arteko eremuaz gain, Nornahi plaza ere izango dute jaietako gune gisa; eta mahai futbol lehiaketa bat antolatuko dute, besteak beste.