Etxe bateko antenak. (Argazkia: Mikel Goñi)
2010. urtean, Donostiako Udalak
Prim kalean telefonia antena bat jartzeko baimena eman zion Telefonica enpresari. Bertako
bizilagun zein San Jose eskolak alegazioak aurkeztu zizkioten udalari; baina, ez zutenez erantzunik jaso,
auzitegira jo zuten, eta Telefonica ez ezik, udala ere salatu zuten lizentzia emateagatik. Bada,
Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak helegitea onartu du, eta aipatutako lizentzia bertan behera utzi du.
Horren harira, EH Bilduko Ricardo Burutaran eta Axier Jaka zinegotziek prentsaurrekoa egin dute. “
Epaiak agerian utzi du antenen egungo ordenantzaren tramitazioarekin aurrera jarraitzeko aukera dagoela, eta borondate politikoa kontua dela. Ordenantza berria ona da, donostiarren osasun eskubideak bermatzen ditu, eta kalitatezko zerbitzua ziurtatzen du”, adierazi du Burutaranek. “Epaiaren arabera, udalak ez zuen arautegia bete. Alde batetik, horrelakoetan, hedatze-plan bat eskatu behar zaio telefonia enpresari. Udalak ez zuen egin, baina, epaiak dioenez, eskuduntza du eskatzeko. Bestetik, ingurumen-azterketarik ere ez zuten egin, eta epaileak dio udalek eskuduntza dutela ere hiritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko”, jarraitu du.
“Juridikoki posible bada ordenanta berria izapidetzea, politikoki ere posible da Donostian antenen ordenantza berri bat edukitzea”, nabarmendu du Jakak. Gainera, gogora ekarri du, iaz,
EAJrekin akordio bat sinatu zutela: “Antenen ordenantza berriari dagokionez, konpromiso politikoa mantenduko genuela dio akordioak, eta osasun eremuan prebentzio irizpideak jasoko zituela, besteak beste”. EH Bildukoen zinegotzien esanetan, baina, udal gobernuak oraindik epaia errekurrituko duen ala ez. Horregatik,
eskatzen diote prozesua ez eteteko, eta antenen ordenantza berriarekin jarraitzeko.